Helburuak ez dira bete, eta laguntza beharko dute. Igandeko Nafarroa Oinez bestaren biharamunean, horixe izan da Zizur Txikiko San Fermin ikastolatik zabaldu duten mezua. «Lan handia egin dugu azken urtean, baina eguraldiak gure asmoak zapuztu ditu», erran zuen ikastetxeko zuzendari Pilar Vicentek, atzo. «Shock egoeran gelditu gara denak; malko asko bota dugu», aitortu zuen. «Aurrera» egiteko borondate sendoa agertu zuen, hala ere: «Elkartasuna lantzeko ordua dugu oraingoa».
«Bihotzez» eskertu zien Nafarroa Oinez bestan parte hartu zuten euskaltzale guztiei egindako ahalegina; eta igandean eguraldi txarraren ondorioz Zizur Txikira joan gabe gelditu zirenei, laguntza eskatu zien San Fermin ikastolako arduradunak. Hainbat kontu korronte jarri dituzte herritarren eskura eskolako kideek, laguntza hori bideratu ahal izateko —informazioa www.nafarroaoinez.net helbidean—.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleentzako eraikina handitzeko beharra du zentroak, nabarmen egin baitu gora ikastolako ikasleen kopuruak. Helburu horri ekin ahal izateko egin zuten igandeko Nafarroa Oinez besta. Proiektua martxan jartzeko zer aukera izanen duten ez dute argi. «Kezkatuta gaude, ez baitakigu zein den oraingo gure egoera; ez dakigu galerak izanen ditugun, edo lehen ginen moduan geldituko garen. Nafarroa Oinez-erako erositako gauza asko ezin izanen ditugu itzuli», azaldu zuen Vicentek. Egoera ongi aztertu, eta kontuak atera beharko dituzte San Fermin ikastolako kideek orain, «neurriak hartzen hasi ahal izateko».
Lana bukatuta, erabaki
Lan handiko eguna izan zen atzokoa Zizur Txikian. Igandean bertan jaso zituzten Nafarroa Oinez besta ospatzeko herri horretan eta Zizur Nagusian jarritako azpiegitura gehienak, baina atzo, oraindik ere, garbitzen eta guneetan gelditutako materiala biltzen aritu ziren ikastolako arduradunak eta gurasoak. «Lan hau bukatuta, oraingo egoerari nola aurre egin erabaki beharko dugu», erran zuen Pilar Vicentek.
Larunbatean hasi ziren arazoak San Fermin ikastolak prestatutako ibibildean. Egun horretan botatako euriak aparkaleku bat ezin erabili utzi zuen, adibidez. Ikastolako kideek, hala ere, gogor egin zuten lan bost guneak martxan jarri ahal izateko. Igandean ere euritsu esnatu zen eguna Zizur Txikian. Eta eguraldiak izan zuen eraginik. Antolatzaileek espero baino jende gutxiago hurbildu zen herrira. Ez zen hori izan arazo bakarra. Besta martxan jarri aurretik hainbat gunetan jasandako erasoei egin behar izan zieten aurre San Fermin ikastolako kideek. Kableak moztu zituzten hainbat tokitan, eta pintaketak egin zituzten.
Herritarren laguntza eskatu du San Fermin ikastolak
Eguraldiagatik espero baino jende gutxiagok parte hartu du Nafarroa Oinez bestan, eta ez ditu bete helburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu