Oroimenaren eta bizikidetzaren garapenean, herritarren emozioak, lekukotzak eta proposamenak jaso nahi ditu Eusko Jaurlaritzak. Horretarako jarri du abian Memoria Plazak egitasmoa. Azarora arte, herritarrek sakelakoekin grabaturiko lekukotzak bilduko dituzte, gero www.memoriaplaza.eus helbidean ikusgai jartzeko. "Memoriaren eraikuntza demokratiko eta partekatuaren pieza" direlako jaso nahi dituzte lekukotzak.
Zehazki, hiru ekarpen mota eskatu dizkiete herritarrei: lehena, gehienez zazpi segundo irauten duen adineko pertsona baten aurpegi adierazpena grabatzea, soinurik gabe eta lehen planoan. Pertsona baten aurpegia "haren oroimenaren erretratu bat" delako eskatu dute hori egitea.
Bigarren gonbita, berriz, gehienez bi minutuko bideoak egiteko da. Horietan, azken 80 urteetako "bakearen, askatasunaren eta demokraziaren aldeko borrokaren memoriari lotutako bizipenen nahiz oroitzapenen lekukotzak" bildu nahi dituzte.
Azkenik, bizikidetzaren eta oroimenaren aldeko idatzizko proposamen "positiboak" egitera animatzen dituzte herritarrak.