«Herritarren mobilizazioaren ondorioa izan da UDA»

Herriari dagozkion arazoei aurre egiteko sortu da UDA, eta herritarren parte-hartzea bermatzea izango du helburua.

2007ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Herritarren parte-hartzea bultzatzen duen plataforma batek irabazi ditu hauteskundeak Urnietan (Gipuzkoa). Ohiko alderdiek herritarrengandik urruntzeko arriskua izaten dutela adierazi du Urnietan Denon Artean-eko (UDA) zerrendaburu Mikel Izagirrek, eta alkatetza eskuratzen badu, herritarren presentzia bermatzen saiatuko dela nabarmendu du.

Nolatan erabaki zenuten UDA plataforma sortzea?

Herritarren mobilizazioaren ondorioa izan da UDA. Urnietan ia lau urte daramatzagu mobilizazio sozial serio batean, eta herriko hainbat sektorek hartu izan dute parte. Errauste plantaren kontra halako mobilizazio sozial bat izan zen, arau subsidiarioekin beste sektore batzuk mugitu ziren, saihesbidearekin ere bai... Mobilizazio sozial horrek halako gorputz sozial bat ere hartu du, eta behar horri erantzunez sortu da plataforma.

Hortaz, mobilizazio horien batura da UDA?

Ez. Mobilizazio sozial horiek ez dira UDAn soilik biltzen. EAE-ANVn ere badaude, EAJko oinarri sozialeko batzuek ere parte hartu dute, akaso PSE-EEko sektore txiki batean ere egongo dira... Gu ez gara mugimendu sozial horien bandera.

Zuek Urnietako bertako politika kudeatuko duzue, ezta?

Ez genuen arazo politiko orokorretan sartu nahi: udaleko kudeaketa egin nahi genuen. Egia da kudeaketa hori modu batera edo bestera egiten bada ukitu politikoa duela, baina ez dugu politika orokorretan sartu nahi. UDAren barruan iritzi politiko ezberdinak dituen jendea biltzen da, eta ez duguiritzi orokorrik eman nahi.

Ohiko alderdi politikoek herritarren interesak bigarren mailan utzi dituztela iruditzen zaizu?

Nik ez nuke horrenbeste esango. Egia da alderdi bat, leku bera kudeatzen urteak ematen dituenean, urrundu egiten dela. Gizartearengandik urrundu egiten dira, eta guk Urnietan bertan nabaritu dugu hori.

Espero al zenuten horrelako emaitzarik?

Hasieran, EAJren eta PSE-EEren jaitsiera espero genuen, eta EAE-ANVk zenbat boto aterako zituen ere kalkulatu genuen. Guk 650 eta 680 botoren artean ibiliko ginela ikusi genuen, baina hauteskundeak hurbildu ahala, 800 boto inguru lor genitzakeela iruditzen zitzaigun. Horrela gertatu da. Oinarri bat bazegoen, eta UDAri eman zioten botoa.

Alkatetza lortzeko aukerak badituzue...

Bai, baina matematikoki alkatetzarik gabe ere gera gaitezke. EAJ eta PSE-EE ados jarriko balira, gu alkatetzarik gabe geratuko ginateke. Hori ere horrela da. Guk ez dugu gehiengo absoluturik, gu boto gehien jaso duen alderdia gara.

Alkatetza lortu nahiz ez, zein izango dira zuen lehentasunak?

Gure proposamena herritarren parte-hartzea bermatzea da, edozer gauzaren gainetik. Hori gure ezaugarri bat da. Guk egin ditugun mugimendu guztiak herri batzarretan landuta egin ditugu, eta proposatzen duguna da Udalak ere horren isla bat izan behar duela. Guk herri foro bat proposatzen dugu, eta hor herriko giza eragile guztiek hartuko lukete parte. Eta nola funtzionatuko lukeen? Udalak herritar guztiei dagozkien gaiak erabaki baino lehen, giza foroa bildu, eta alderdi politikoek beren proposamenak foro horretan aurkeztu beharko dituzte. Giza eragileek politikarien erabakiak aldatzeko gaitasunada herritarren parte hartzea bideratuta dagoela adierazten duen termometroa.

Orduan, herritarrek politikarien erabakietan eragiteko modurik izango lukete?

Foro horretako talde gehienak gobernu taldeak egiten duen proposamenaren aurka baldin badaude, eskubidea izango dute epe jakin batean sinadura bilketa zehatza eta kontrolatua egiteko. Horren bitartez, Udala behartuta geldituko da gai horren inguruko herri galdeketa bat egitera. Herri galdeketa horrek esaten duenaren arabera, gobernu taldea behartuta egongo da hori onartzera.

Alkatetza lortzen baduzue hori bideragarria izan daiteke, baina oposizioan geratzen bazarete, zuen jarrera berdina izango da?

Ikusiko dugu nola bideratzen den herritarren parte-hartzea. Hori martxan jartzeko borondaterik egongo den... Dudak dauzkagu, baina guk gai horren exijentziarekin jarraituko dugu.

Urnietako plataformak babes handia izan du. Iruditzen zaizu inguruko herrietan ere horrelako plataformek arrakasta izan dezaketela?

Baldintza bat behar da arrakasta izateko: urte askotako gehiengo absolutua, eta herritarrengandik urruntzeko joera duen talde bat. Horri, Urnietan gertatu zen bezala, Udalaren jardueraren zenbait susmo eta gaizki egindako gauza eransten badizkiozu... Hori da horrelako plataformak osatzeko behar den oinarria. Irunen (Gipuzkoa), esaterako, plataforma bat osatu zuten, baina han ez zegoen zalantzan Udalaren jarduera. Errausketa plantaren gaia zalantzan zegoen, baina gai puntuala zen, eta horrelako plataforma batek indarra izateko, nahitaezkoa da herri mugimendu indartsuaegotea. Hala ere, baldintza horiek betetzen ez badira ere, herri plataformek zinegotzi bat edo beste atera ditzakete... Jendea alderdi politikoekin nazkaturik dagoelako-edo, badaude ordezkaritza lortzeko aukerak... Hala ere, ordezkaritza lortuta ere, zaila da urteetako egonkortasuna lortzea. Batzuk indartsu hasten dira, baina gero desagertu egiten dira.



NorTasun aGIrIa

Jaioterria. Urnieta.

Jaioteguna. 1949ko abuztuaren 11.

Sendia. Seme-alabak eta biloba bat.

Ibilbide politikoa. Gaztetan hasi zen politika munduan.

Zaletasunak. Bizikletan ibiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.