Sakelako telefonoak

Herritarren mugimenduak kontrolatzen hasi da INE

Gaur hasi eta ostegunera arte iraungo du sakelako telefonoen seinalearen jarraipenak.

Herritarren mugimenduak jarraitzen ari da INE. ANDREU DALMAU / EFE
Iosu Alberdi.
2019ko azaroaren 18a
09:21
Entzun

Milioika herritarren mugimenduen arrastoari jarraika hasi da INE Espainiako Estatistika Institutua, sakelako telefonoen seinalea erabilita. Gaurtik hasi eta ostegunera bitartean jarraituko diete herritarren mugimenduei. Lehenik, 00:00etatik 06:00etara, eta, ondoren, 09:00etatik 18:00etara. Goizaldeko tartean, herritarren bizilekuak zehazteko egingo dute, eta, hurrengo orduetan, herritarren mugimenduak kontrolatzeko.

INEk Movistar, Vodafone eta Orange telefono konpainietatik jasotako datu multzo masiboak erabiliko ditu. Horren truke, 185.000 euro jasoko ditu Orangek; 163.615 euro, Movistarrek; eta 150.000, Vodafonek. Milioi erdi bat, guztira. Egun hauetakoak ez ezik, azaroaren 24ko eta abenduaren 25eko mugimenduei ere jarraituko diete aurten, eta uztailaren 20koei eta abuztuaren 15ekoei datorren urtean.

Erakundearen arabera, desplazamendurik ohikoenak zein diren jakitea da mugimenduen kontrolaren helburua. Baita oporretako bidaiarik ohikoenak zein diren ikertzea eta landa eremuetako biztanle kopuruaren beherakada hobeto ezagutzea ere.

Orangeko eta Vodafoneko bezeroek nork bere konpainiari datuak ez emateko eska diezaiokete. Movistarrek, ordea, ez du halako aukerarik ematen. Horien bezeroek, bada, sakelakoa itzaltzea edo hegaldi moduan jartzea izango dute kontrolari itzurtzeko modu bakarra.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.