Termometroak lanak izan zituen zeroaren heina gainditzeko, baina atzoko goiza beroa izan zen Urruñan (Lapurdi). Hotzari, lanegunari eta segurtasun ezari buru eginez, 120 lagun baino gehiago elkarretaratu ziren atzo Urruñatik Ibardinera doan bidexka batean, RFFren zundaketak galarazteko. CADE ingurumena babesteko elkarteen taldeak egin zuen deialdia, eta larunbatean Baionan bezala, laborarien traktoreak jabetu ziren etxalderakobideaz. Elkarretaratutako jendearen aldamenean zen Odile del Coral Urruñako auzapeza, Frantziako bandera ren xingola soinean.
Goizeko hamarretan zen ordua, baina herritarrak goizago elkarretaratu ziren Urruña eta Ibardin artean. AHTaren lanak egiteko zundaketa egin behar zuten etxaldean batzuk, errepide nagusiko saihetsetan bertze batzuk. Orenak pasatu ziren, baina RFFko langilerik ez zen agertu. Poliziaren auto bat bai, baina ez zen gelditu. «Abisatuko zituen, eta ez dira agertuko», erran zuen herritar batek Poliziaren autoa atzamarrez segituz.
Atzo RFFko zundaketa bertan behera geldituko zela ikusirik, hitza hartu zuen Pantxoa Tellier CADE elkarteko kideak. Zundaketak egiteko prozedura legez kanpokoa dela nabarmendu zuen auzapezaren begiradapean. Eta banan-banan ihardetsi zien abiadura handiko trenaren aldekoen argudioei.«Fondasol enpresako teknikariek dakarten agiriak ez die zundaketak egiteko baimenik ematen; sartzea baimentzen die, baina ez lurra 60 metroko sakoneran zulatzeko eskubiderik, ez tresna pisuak sartzeko».
Enpresako teknikariek hori kontuan hartu ez eta barrutian sartzeko saioa egiten baldin badute, eraso gisa hartuko duela esan zuen CADEk, eta indarkeria erabiltzea leporatzen die AHTaren sustatzaileei.
Aurrekontuen bozketa
Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak ostegunean eta ostiralean bozkatuko du datorren urteko aurrekontua. Kontseilu Nagusiak onartu zuen 53 milioi euro ordaintzea AHTaren Tours-Bordele atala ordaintzeko. RFFk kopuru hori 76 milioi eurora emendatzeko eskatzen die orain. «Ez dugu onartzen emendatzearen alde bozkatzerik. Sinpleki, onartu duten kopuru hori ere ez dute onartu behar, RFFren jokoa egin eta sinesgarritasun guztia galdu nahi ez badute». Kantonamenduetako bozen atarian, indar berezia du eskariak.
Odil del Coral Urruñako auzapezak adierazi zuen ez zuela bat egiten desobedientzia zibilerako deiarekin, baina, auzapez gisa, herritarrak sostengatu behar zituela.
AHTaren xedea zentzugabekoa eta sobera garestia dela nabarmendu zuen Del Coralek. Auzapez gisa, kontseilari nagusiei ez zien eskatu aurrekontuen aurka bozkatzeko, baina nabarmendu zuen Hego Lapurdi Herri Elkargoan Tours-Bordele atala ordaintzearen aurka bozkatu duela berak.
Biltzar horietan bozkatu aurrekontuek eragin zuzena dute herrian berean. Zundaketa lanak 60 metroko sakoneran egin behar direlarik, lehergailuak erabiltzen direlarik, etxeak arriskuan daude. Eta, dirurik gabe, ez dago xederik.
Herritarren protesta ikusita, Urruñan hastekoak zituen zundaketak eten ditu RFFk
Etxalde batean jarria zuen ordua, baina ehunka herritar zeuden protestan; Urruñako auzapeza haien artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu