Eleak mugimenduak eta beste hainbat gizarte mugimenduk, Donostiako Aske Gunearen arrakasta ikusita, “urrats gehiago” egitea proposatu du. Herriz herri eta auzoz auzo herritarrek osatutako desobedientzia sare publikoak osatzera deitu dute. “Sortu, areagotu, eta egun argitan azaldu ditzagun babes sare desobediente horiek”, esan du Garazi Arrulak, Eleak-eko eledunak.
Iruñean eskainitako prentsaurrekoan, Eleak-eko kideekin batera, Gasteizko Ekaitz Etxean taldea, Bilboko EZPAM mugimendua, Errenteriako Gure Etxeko Ateak Zabalik Dituzue mugimendua, Donostiako Aske Gunea, Barañaingo auziperatuak. Honako galdera hau egin dute: “Eta hurrengo batean, hiru ordu baino, 24 ordu behar badituzte? Eta hurrengoaren hurrengoan, babesaren zabalak eta determinazioak ez badie uzten inor eramaten? Eta azkenerako, inor babestu beharrik ez dugun eguna lortzen badugu, ez dagoelako eskubide zibil eta politikoak praktikatzen ditugunon kontra oldartzera ausartzen den polizia, politikari edo epailerik?”.
Beharrezkotzat jotzen dute harresi hori sortzea. Gogoan hartu dute Yolanda Barcinari tartakada bota ziotenei bederatzi urtera arteko espetxe zigorra eskatu dietela, edo hamalau urtera artekoa Bilboko grebalariei edo lau urte Iruñeko pikete batean parte hartzeagatik. “Jatorrira jo ezean, bidegabekeria berriei ateak zabalik utziko dizkiegu”, esan dute.
Gizartearen harresia “adreiluz adreilu” eta “behetik gora” altxatzera deitu dute. Harremanetan jartzeko, [email protected] helbidea eman dute.
Hurrengo pausoa, Barañainen
Barañaingo bost gazte epaituko ditu Auzitegi Gorenak datorren maiatzaren amaieran. Luis Goñi auziperatuak Aske Gunean gertatutakoa “intentsitate handiz” bizi izan dutela adierazi du. “Aske Gunearekin ez da ezer amaitu, ehunka baikara Espainiako auzitegien gatibu garenok, eta herri harresia zeharkaezin bihurtzen jarraitu behar dugu”, azaldu du. Nafarroan herri harresi hori indartzeko asmoz, norbanako eta eragileak Txantrea auzoko Kaskallueta elkartean maiatzaren 23an egingo den batzarrera deitu dituzte. 18:00etan hasiko da.