ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Herriz herri metatzen ari den "ilusioa" azpimarratu du Gure Esku Dago mugimenduak

Martxoaren 29an ekitaldi bat egingo dute Bilboko Casillan.

Ekimeneko kideak, gaur. G. R., ARP
Maialen Unanue
2014ko otsailaren 15a
16:14
Entzun

Herriz herri egiten ari den lana erakutsi eta lan horri bultzada emateko baliatuko du Gure Esku Dago mugimenduak martxoaren 29rako Bilbon antolatu duen ekitaldia. Casillan izango da ekitaldia, 17:30ean. Herriz herri egiten ari diren lana erakusteko baliatuko dute, eta ekainaren 8ko giza katera begira, taldeari bultzada emateko modua ere izango da. Europan "martxan den trenean" Euskal Herriak ere bere bagoia duela aldarrikatuko dute.

Dinamika orokorra indartzeko, herriz herri ari dira Gure Esku Dago talde txikiak sortzen, eta haiek egiten ari diren lana txalotu dute. "Ikusgarria da nola hainbat eta hainbat herritan ehunka herritarrez osatzen ari diren eskuak, plazak… Parte hartze kopuruak oso txukunak dira, zerbait garrantzitsua eta sakona sortzen ari garen seinale".

Partaideek adierazi dutenez, "oso pozik" daude azken asteotan herriz herri antolatzen ari diren ekimenek sarean duten zabalkundearekin. Sare sozialetan zabaldutako bideoak, hitzaldiak, flashmobak… "Dagoeneko 144 mila lagunek gozatu dute Gure Esku Dago-ren bideokliparekin eta kantuarekin sare sozialetan. Are gehiago: txalogarria da nola sortu dituzten, hainbat herri eta eskualdeetan, kantuaren bertatik bertarako bertsioak".

Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika "gero eta modu eraginkorragoan" ari da "euskal jendartearen erdigunearekin" konektatzen: "Ikusten da, sentitzen da". Hala ere, aitortu dute oraindik "asko" dagoela egiteko: batez ere, gaia "urruneko" dutenengana iritsi eta "zuzenean" eragiten diela azaltzea. Auzolan herritarrak aurrera egiteko ezinbestekotzat dute dinamika begi onez ikusi bai, baina oraindik "hotz" daudenak aktibatu eta berotzea.

Iazko ekainaren 8an hasi zuten dinamika, Irungo (Gipuzkoa) Ficoban egindako aurkezpen-ekitaldian, eta partaideak, pozik daude emaitzekin: "Poliki-poliki, ilusio handiz, ikusten ari gara nola egun hartan luzatutako proposamena errotzen doan milaka eta milaka herritarren artean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.