Herriz herri

BERRIA egunkariak argia ikusi zuela bost urte beteko dira, eta orduan ehunka herritarrek eta eragilek egindako lana eskertzeko ekitaldiak egingo dira herriz herri ekainera bitartean.

AINHOA SARASOLA ANDOAIN
2008ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Orain dela bost urte, egun hauetan ehunka herritar buru-belarri lanean zebiltzan Euskal Herri osoan, Euskaldunon Egunkariaren ixteak utzitako hutsunea betetzeko asmoz. Orain dela bost urte, ehunka lagunek eginiko lanari esker, BERRIA egunkaria Euskal Herriko txoko guztietan kalean izatea lortu zen. Eta orain dela bost urte eginiko lan hori eskertuz ospatu nahi du BERRIAk bere sorreraren bosgarren urteurrena. Herriz herri, eskualdez eskualde.

Ekainera bitarte, egunerokoak bost urte beteko dituen egunera arte, ekitaldi andana izango dira Euskal Herri osoan zehar, Luzatu bostekoa lelopean. Lehena, hilaren 15ean, BERRIAren egoitza nagusian; Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, hain zuzen ere. Buruntzaldeko herrietako eragile eta norbanakoak daude lehen ekitaldi horretara gonbidatuta. Eta Andoaingoaren atzetik etorriko dira gainerako ekitaldiak: Gernika-Lumo, Donibane Garazi, Donostia, Altsasu, Ondarroa, Eibar, Bilbo, Bera, Irun, Durango, Tolosa, Gasteiz, Arrasate, Iruñea, Baiona, Laudio, Zarautz, Getxo, Beasain, Lizarra eta Errenteria. Ekainaren 21ean, berriz, bosgarren urteurrenaren egunean, ekitaldi nazionala egingo da Donostiako Kursaalean.

Herriz herriko ekitaldien asmoa da BERRIA kalean ikustearen alde jardun zuten ehunka herritar eta eragileren lana eskertzea. «Ez dugu ahaztu behar 2003an Egunkaria-ren itxieraren ondoren eta euskal gizarteak emandako laguntza eta babesari esker jarri zirela martxan EKT eta BERRIA. Proiektua posible izan da orduan ia bost milioi euroko kapitala bildu zelako, eta herriz herri egindako lanari esker bildu zen hori», azaldu du Joanmari Larrarte EKT Euskarazko Komunikazio Taldeko kontseilari ordezkariak. Haren hitzetan, «jendeak bere garaian eginiko ekarpenagatik ez balitz izan, proiektu hau ez zen posible izango».

2003ko otsailean, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz Egunkaria itxi zenean, «euskal gizarteak bide bat hartu eta horri erantzuteko jendea herrietan bere kasa antolatzen» hasi zela oso gogoan du Larrartek. «Horri erantzutearekin batera, herriz herri lan hori, batzorde horiek eta jende horren indarra proiektu berri bat has zedin bideratu zen. Une hartan egin zen lanik handiena segur aski herriz herri eginiko informazio eta komunikazio lana eta diru bilketa izan zen». Herritarrek proiektu berria gauzatzeko agertutako ilusioa nabarmendu du Larrartek, eta horixe eskertu nahi dute uneotan.

Baina eskerrak ematearekin batera, bost urteotan eginiko lana herriz herri azaldu ere nahi dute ekitaldien bidez. Bai komunikazioaren alorrean, bai enpresarenean, bost urteotan eginikoa gizarteari azaltzeko baliatuko dute urteurrena EKTko eta BERRIAko arduradunek. «Urteurrena bi gauza horiek egiteko aitzakia ezin hobea izan zitekeela pentsatu dugu».



BOST URTE OINARRIAK SENDOTZEN. Duela bost urte, Egunkaria-k utzitako hutsunea beteko zuen euskarazko egunkari berri bat lehenbailehen kaleratzeko helburuarekin jarri zen martxan EKT. «Hori oso argi zegoen hasieratik, eta horretara bideratu ziren indarrak», Larrarteren hitzetan. Baina, era berean, hasieratik ere garbi ikusi zen euskarazko komunikazio eremuak beharko zituen azpiegituraren oinarriak jartzeko ere baliatu behar zela unea. EKTk bi lan eremu nagusi horiek jorratu ditu urteotan.

Komunikabideek markatutako lehen lan eremuari dagokionez,euskarazko egunkari nazional bat kalean jartzea izan zen lehen urratsa; «hain zuzen ere, hori zelako lehentasuna eta momentuak eskatzen zuena». Horrekin batera, eta eskualdeetako eragileekin bat eginez, bost urteotan zazpi Hitza jarri dira martxan, herri informazioa sakonago lantzeko. Eta esparru berean, azken hilabeteotan abiatu da aisiari lotutako Nora aldizkaria.

Baina hedabideen esparrua, paperean ez ezik, Interneten ere garatu da bost urteotan. «Berria.info ahalegina egiten ari da eguneroko eta momentuko informazioa ikus-entzunezkoetan oinarritutako atari batean ematen», gogoratu du Larrartek. Bestetik, eta beste komunikazio talde batzuekin -Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkartea, Corporacion Multimedia del Norte, Euskaltel, Elkar eta Bainetekin- Hamaika proiektua abiatu da, etorkizunari begira euskarazko tokiko telebista digitalak sortze aldera eskualdeetan.

Beste lan eremu nagusia, berriz, komunikazio esparru horrek beharrezko dituen azpiegiturak sortzea izan da bost urteotan. «Hasieratik EKTren atalak sortu genituen: administrazioa, sail komertziala eta banaketa enpresa bereziki, eta baita Internet zerbitzuak garatzeko beste enpresa bat ere». Horien garapena izan da beste zeregin garrantzitsu bat. Denborarekin, atal bakoitzak bere espezializazioa hartu duela dio Larrartek. Esaterako, etxerainoko banaketan espezializatu da, batez ere, banaketa enpresa eta, egun, BERRIAz gain euskarazko beste komunikabide batzuk ere banatzen ditu. «Hori da helburua. Guk duela bost urte, eta lehendik ere bai, ikusten genuen komunikabideen inguruan dauden azpiegitura guztiak erdarazko hedabideentzat eta hedabide handientzat pentsatuta daudela, baina gure beharrak beste batzuk zirela eta behar horiei erantzuteko azpiegiturak sortzea ezinbestekoa zela. Ez bakarrik EKTk sortzen dituen beharrei begira, baizik baita ahal den neurrian ere, euskarazko hedabideek dituzten hutsune eta beharrei begira». Bide berean, hurrengo hilabete eta urteei begirako erronketako bat beste bazkide batzuekin batera inpresio zentro bat sortzea izango dela aurreratu du.



AURRERA BEGIRA, ZABALTZEA HELBURU. Bost urte igaro eta gero, proiektuak «nolabaiteko sendotasuna» lortu duelakoan dago Larrarte. «Komunikabideek egin dute bide bat eta markatu dute beren tokia. Eta enpresa modura, egonkortzera ere iritsi gara behintzat, sortu ginen bezala sortuta». Dena den, etorkizunari begira, hori ez dela nahikoa dio EKTko kontseilari ordezkariak. «Gai gara euskarazko hedabideak sortu eta kalean jartzeko, baina defizit handi bat dugu oraindik ere gizartera iritsi eta hauen kontsumoa handitzeko. Eta, nire ustez, hori da orain dugun erronka nagusia, ez bakarrik guk, baizik eta euskarazko hedabide guztiek ziurrenik».

Bide horretan ulertu behar da BERRIAz gainerako komunikabideak egiteko EKTk hartutako bidea, bai Hitza-k, bai Nora produktuekin. «Uste dugu, batetik, produktu berriekin eskaintza handitzeak erakar dezakeela euskaraz irakur dezakeen edo euskarazko produktuak kontsumitu ditzakeen jendearen kopurua handitzea». Era berean, horrek ere etorkizuneko euskarazko beste hedabide batzuetarako presta dezake jendea, Larrarteren ustez. «Horretan aritu gara bost urteotan lanean, eta horretan daukagu etorkizunari begira lanik handiena eta erronka nagusia; euskaldunak euskarazko hedabide eta produktuetara ohitzea eta erakartzea».

Hori guztia testuinguru zabalago batean kokatu behar dela ohartarazi du EKTko ordezkariak. «Hori guztia garatzeko, ezinbestekoa zaigu euskaldun gehiago egitea, eta euskalgintzako elementu bat garen neurrian guri ere badagokigu hizkuntzaren normalizazioan eta euskaldun kopurua handitzen joateko bidean lan egitea». Hartara, gizarteak euskalduntze prozesu azkarragoa ez duen neurrian, hazkunde handiak egitea ere «ezinezkoa» dela ohartarazi du.

Dena dela, etorkizunari baikor begiratzen dio. «Erronka zailak dira, egun batetik bestera lortu ezin direnak. Kostako zaigu horiek garatzea, baina baikor naiz». Euskarazko hedabideen sektorean bestelako elkarlana eta lan dinamika izango balira, are baikorragoa litzateke. «Baina denborak ekarriko du hori guztia. Badakigu une honetan gehienok ikusten dugula ditugun arazo nagusiak hor daudela, eta ziur nago horiei ekiteko bidea hurrengo urteetan topatuko dugula».



Mendizabalen eskultura berria, sorrerako hutsuneak beteta

Herrialde Katalanetako Villafranca del Penedes herrian ia hiru metro luze den zurezko eskultura bat dago. BERRIAren mantxeta du oinarrian, eta Anton Mendizabalek egina da, orain dela bost urte. Egunkaria itxi ostean, Egurrezko eskulturaren simposium-era gonbidatu zuten eskulturgile donostiarra Penedesera, nazioarteko beste zenbait artistarekin batera. Kazetaren ixtea salatzeko haren mantxeta egiteko asmoa bazuen ere, BERRIA sortu zela-eta mantxeta kazeta berriarena izatea erabaki zuen bere lanerako. Zurezko hizkiak hutsik uztea erabaki zuen orduan Mendizabalek. Bost urte igarota, eskultura berria egin du artistak. Baina oraingoan alderantzizko zentzua eman dio bere lanari: grafia bera mantendu du, baina hizkiak hutsik egon beharrean, beteta daude orain. Bere hitzetan, duela bost urte kazeta berria sortzeko «ametsa, esperantza» irudikatu nahi izan zituen hutsunearekin. Orain, berriz, amets hori «gauzatua» irudikatu nahi izan du. Artista tamaina txikiagoan prestatzen ari den zurezko ehun eskultura salgai jarriko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.