Ostiral honetan egingo den manifestazioa “ezkertiar eta abertzale”bezala identifikatzen den jende talde batek deitu du Orain herria, orain bakea lelopean.
Gaur goizean Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Paulino Luesmak "ziur” adierazi du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak debekatu egingo duela hainbat herritarrek ostiralerako Bilbon deitutako manifestazioa. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan esan duenez, "Donostiako manifestazioa debekatzeko zeuden arrazoi berberak daude Bilbokoa ere debekatzeko". Bilbokoa herritarrek deitu dutela esan dio kazetariak, eta honela erantzun du Luesmak: "Deialdia bertsolari batek egin du, baina babesten Batasunako kideak azaltzen dira. Herri honetan guztiok ezagutzen dugu elkar, eta denok dakigu zein den Tasio Erkizia, zein den Txomin Ziloaga, zein den Arantza Zulueta... eta, zentzu horretan, deialdiaren atzean Batasuna dago, eta Batasunak ezin du manifestaziorik deitu".
Debekatzen ez badute, berak ezin duela ezer egin azaldu du, baina, nolanahi ere, argi utzi nahi izan du, berak errespetatu egingo duela Herrizaingo Sailaren erabakia.
Kazetariak berriz esan dio gizabanakoek egin dutela deialdia, eta gizabanako horiei ez zaiela eskubiderik kendu. Luesmak esan du hori "interpretazio juridiko bat" dela, baina, berak ulertzen duenez, deialdiaren atzean Batasuna dagoela azpimarratu du. Eta, berriz esan du, debekatu egin beharko litzatekeela. Izan ere, "Donostiako lelo bera du manifestazioak, eta Donostian gertatutakoa ikusi ondotik, litekeena da istiluak gertatzea".
MAnifestazio deialdia Bilbon
Herrizaingo Sailak ez du arrazoirik ikusten Bilboko manifestazioa debekatzeko
Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak adierazi duenez, ez dute “zantzu objektiborik aurkitu ostiralean Bilbon egingo den manifestazioaren debekua justifikatzeko”. Manifestazioa debekatzeko elementu juridikorik ez aurkitzeaz gain, Ertzaintzak “ibilaldian ordena publikoa nahastuko duen liskarrik” ez dela egongo aurreikusten duela gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu