Hetsi dituzte bozkalekuak Ipar Euskal Herrian

Kontaketa egiten ari dira hauteslekuetan. Departamendu eta eskualde hauteskundeetako Pirinio Atlantikoetako parte hartzea joan den astekoa baino puntu batez gorago zen, tenore berean, 17:00etan: %32,65.

Gizon bat Bardozeko (Lapurdi) herriko etxean bozkatzen, gaur. LE JOURNAL
Ekhi Erremundegi Beloki - Paulo Ostolaza
2021eko ekainaren 27a
13:46
Entzun

Departamendurako eta eskualderako bozen bigarren itzulia egiten ari dira gaur Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Izandako parte hartze biziki apalaren ondorioz, departamendurako hautagai bakarrak ere ez zuen lortu lehen itzulian hautatua izateko boz aski, eta bina hautagaitzaren arteko lehia izanen da Ipar Euskal Herriak dituen hamabi kantonamenduetan. Zentro eskuinak du irabazteko aukera gehien, baina EH Baik ere hautetsiak lor litzake kantonamendu batean edo bestean; zazpitan lehiatuko dira abertzaleak. Eskualderako, Alain Rousset gaur egungo presidente sozialista gailenduko dela espero da.

Bukatu da bozkatzeko epea Ipar Euskal Herrian: bozka bulegoak 18:00etan hetsi dituzte, eta kontaketarekin hasiko dira. Parte hartzea, berriz ere, baxua izango da gaur, baina Pirinio Atlantikoetan, 17:00etako datuen arabera, joan den igandekoa baino handixeagoa: %32,65. Joan den astean, ordu berean, %31,37 zelarik. Eguerdiko hamabietan bozka emana zuten hautesleen %16,12ak departamentuko bozetan. Joan den igandean, une berean, %14k zuten botoa emana.

Orduan, hiru hautesletik bi ez ziren bozkatzera joan. Bigarren itzulian zenbaki berdintsuak izanen direla aurreikus zitekeen, baina kantonamendu batzuetan dagoen lehiak hautesleak bozkatzera animatu dituela dirudi. Mezu hori zabaltzen saiatu dira aste osoan zehar ezkerreko abertzaleak. Zure bozak gauzak alda ditzake lelopean, parte hartzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du EH Baik. Zentro-eskuinaren kontra lehiatuko dira leku gehienetan, Hendaiako kantonamenduan izan ezik: alderdi sozialistako hautagaiak izanen dituzte parean. Sozialistak EELV eta Generationen babesarekin aurkeztu ziren kantonamendu horretara, eta komunisten babesa ere eskuratu dute bigarren itzulirako. Gainerako kantonamenduetan, ikustekoa izanen da lehen itzulian Frantziako ezkerrarentzat bozkatu zuten hautesleek, zentro-eskuina pasa ez dadin, bigarrenean EH Bairi ematen dioten.

Astean zehar, bozka kontsignak zehazten aritu dira indar politikoak, ezer argirik erran gabe. EELVk eta Generationek «elkartasunaren eta ekologiaren balioak ahal bezain ongi defendatzera» deitu dituzte hautesleak. Baina horien etiketarekin aurkeztu ziren hautagai batzuk argiago mintzatu dira: Bidaxune-Amikuze-Oztibarren Luzien Betbederrek, eta Uztaritze-Errobiko ibarrak-Urdazurin Jeremy Savatierrek EH Bai bozkatuko dutela erran dute. Mendialdean, komunistek ez dute bozka kontsignarik eman nahi izan: «Ez dugu sekula eskuinarentzat bozkatu», adierazi zuen Louis Labadot Mauleko (Zuberoa) auzapezak. «Hautesleek jakinen dute hautatzen».

Baiona 2 eta Baiona 3 kantonamenduetako lehiak ere interes berezia izanen du. Urteetan, PSren esku izan dira biak, baina, aurten, zentro-eskuina gailendu zaie Cristophe Martin - Juliette Brocard, eta Henri Etxeto - Florence Dupreuilh bikoteei. Ezkerreko gainerako hautagaien boz erreserbak balioko diela espero dute biek.

Lehen itzulian lortutako abantaila berarekin ibiliko direla espero dute zentro-eskuineko hautagaiek, Jean Jacques Lasserre departamenduko presidente izendatu ahal izateko.

Akitania Berrian, lehia gutxi

Lehen itzulian bozen %28,6 eskuratu zituen Roussetek. Ekologistekin batera osatu du gehiengoa azken sei urteetan, eta aurten ere aliantza eginen zutela espero zen, baina, azkenean, ez da Generation eta EELVren hautagaitzarekin batuko. Bozen %12 lortu zituen igandean Nicolas Thierryk. Eskuinean ere ez dute akordiorik lortu, eta bakoitza bere aldetik aurkeztuko da. Martxan alderdiko Geneviève Darrieussecqek bozen %13,71 lortu zituen lehen itzulian, eta Nicolas Florian Errepublikanoetako hautagaiak, %12,46. Eskuin muturrean, Edwige Diaz Batasun Nazionaleko hautagaiak bigarren lekua lortu zuen igandean, bozen %18,21 eskuratuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.