Hezkuntza

Heziketa ardatz duen herriaren bila ari dira Donostian

Francesco Tonucci psikopedagogoak 'Haurren hiria'-ren proiektuaz hitz egin du.

urtzi urkizu
2013ko maiatzaren 10a
16:44
Entzun

'Herri hezitzailea, eskola herritarra' jardunaldiak egiten ari dira Donostiako Kursaalean. Lorea Agirre Mondragon Unibertsitateko Sorguneak ikerguneko ikerlariak eman du lehen hitzaldia, entzule ugarik betetako aretoan. "Herri bat beti da hezitzailea da, beste gauza bat da nola". Oarsoaldeko Irrien Lagunak proiektuan parte hartzen ari da Agirre: "Umeek dena dute esateko. Diagnostiko oso zehatzak egin dizkigute. Jolas librea nahi dute, zaintzarik gabekoa. Gune irekiak proposatu dizkigute. Eta herria kolorez bete nahi dute. Askatasuna eskatzen dute".

Francesco Tonucci da jardunaldien gonbidatu nagusia. 'Haurren hiria' proiektuaren berri eman du psikopedagogo eta marrazkilari italiarrak. Hiri modernoak gizon heldu langilearentzat eraiki direla azaldu du Tonucci: "Era berean, kotxeen mesedetan eraiki dira. Haurrekin, emakumeekin eta adinekoekin ahaztu dira hiriak". Haurrek mugitu, korri, zikindu eta borrokatzeko beharra dutela uste du ikerlari italiarrak: "Etxetik bakarrik ateratzeko aukera beharko lukete. Baina ez da posible. Eta heldua badago, haurrak arriskurik ez du. Arriskua bizi behar luke".

Bihar jardunaldien bigarren eta azken eguna izango dute, 'Herrira begiratzen duen eskola' gaiarekin. Tonuccik berak 'Guztientzako eskola' hitzaldia emango du. Halaber, hainbat eskolatako esperientzien aurkezpenak egingo dituzte.

Honakoak dira jardunaldien antolatzaileak: Hik Hasi, Txatxilipurdi aisialdi elkartea, Irrien Lagunak, Huhezi, Oarsoaldeko Euskara Batzordea, Lizarrako eta Iruñeko udal haur eskolak eta 'Hazi Hezi' aldizkaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.