Hezkuntza

Hezkuntza akordioak "hiritar aske, kontziente eta kritikoak" sustatu nahi ditu

Jaurlaritzak sustatu du agiria, eta bat egin dute, besteak beste, Ikastolen Elkarteak eta EAEko hiru unibertsitateek. Giza eskubideak urratzearen aurkako eta bizikidetza indartzearen aldeko konpromisoa hartu dute eragileek, eta hezkuntzan gisa horretako balioak indartzearen alde egingo dutela adierazi dute. Hezkuntzako gehiengo sindikalak ez du akordioa sinatu. Adierazpenari buruz Isabel Zelaarekin egindako elkarrizketa argitaratuko du bihar BERRIAk. Besteak beste, Bakerako Hezkuntza Planaren etorkizunaz aritu da. [YouTube]http://youtu.be/6Vv9oyHTrps[/YouTube]

2011ko abenduaren 30a
19:20
Entzun

EAEko hezkuntzaren alorrean bizikidetzaren alde egiteko akordio bat sinatu dute gaur eguerdian Eusko Jaurlaritzak, zentro pribatu eta publikoetako arduradunek, hezkuntzako eragileek eta bakegintzan diharduten elkarteek, Bilbon. Giza eskubideak urratzearen aurkako eta bizikidetza indartzearen aldeko konpromisoa hartu dute eragileek, eta hezkuntzan gisa horretako balioak indartzearen alde egingo dutela adierazi dute. Helburua haur hezkuntzatik unibertsitateraino, "hiritar aske, kontziente eta kritikoen" formazio integrala sustatzea da, betiere "orainaren eta iraganaren egiazko ezagutza sakon eta integral batean" oinarriturik.  

Bizikidetzarako Hezkuntzaren Aldeko Konpromisoa izenpean, bost puntu biltzen ditu planak: 

- 1. "Giza Eskubideen eta pertsonaren duintasunaren begirunean oinarritutako hezkuntzaren aldeko ahaleginak berretzea, edozein xede edo egokieraren gainetik.

- 2. Iraganean, orainaldian edo etorkizunean Giza Eskubideen urraketaren edozein justifikazioaren aurrean jarrera kritikoa indartzea. 

- 3. Eskubide horien haustearen ondoriozko biktimekiko elkartasuna eta laguntza erakutsiko dituzten jarduerak sustatzea. 

- 4. Benetako bizikidetza demokratikoa sostengatuko duten balioak eta jarrerak indartzea, hezkuntza esparrutik hasita gizarte osoraino helduz. 

- 5. Hezkuntza komunitatean eta euskal gizartean kultura demokratikoa finkatuko duten jarduera adostuak eragitea".

Hitzarmena sinatzen izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Isabel Zelaaz gain, Ikastolen Elkarteko, Kristau Eskolako, EHIGE guraso elkarteko eta EAEko hiru unibertsitateetako ordezkariak —EHUko, Mondragoneko eta Deustuko errektoreak—. Agiria izenpetu dute, halaber, Bakeaz, Bakeola, Baketik eta Fernando Buesa fundazioek, eta Bakearen Aldeko Koordinakundeak.

Jaurlaritzak iaz aurkeztutako Bizikidetza Demokratikorako eta Indarkeriaren Deslegitimaziorako Planak baino babes zabalagoa jaso du gaur sinatutako agiriak; ez erabatekoa, ordea. Hezkuntzako gehiengo sindikalak ez du sinatu —LAB, EILAS eta ELAk— . ELAk ohar bidez jakinarazi du "kezka eta konfiantzarik eza" dituela. "Hezkuntza Sailak astebetean sinatu nahi izan du, gogoetarik eta eztabaidarik gabe". LABek dio "presaz eta erabilera politikoz" egindako adierazpena dela.

Aintzane Ezenarro Aralarreko eusko legebiltzarkideak esan du itunarekin "aurrerapausoa" eman dela, eta Jaurlaritzak bere egin dituela oposizioko taldeon argudioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.