Hezkuntza eredu propioaren alde egin dute gurasoek

Euskararen aurkako murrizketak salatu ditu Sortzen Ikasbatuaz-ek, Hezkuntza Sailean «kaka erraldoi bat» utzita

Sortzen Ikasbatuaz-ek Hezkuntzan utzitako «kaka erraldoia». IÑIGO URIZ / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Kaka, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarentzat. Horixe eraman du Sortzen Ikasbatuaz elkarteak Iruñeko Santo Domingo aldapako egoitzara, «euskararen aurkako erasoak, zentsuratutako testu liburuak, murrizketak, dekretuak, tasen igoerak eta inposizioak» salatzeko. «Horiek dira egungo hezkuntza sistematik datozkigun kakak», erran du Sortzen Ikasbatuaz-eko Nafarroako koordinatzaile Nestor Salaberriak. Eraso horiei aurre egiteko, hezkuntza eredua bertan erabakitzearen alde egin du elkarteak.

«Hezkuntza sistema propioaren» aldeko apustua berretsi du Sortzen Ikasbatuaz-ek, Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren aurrean atzo «kaka erraldoi» batekin egindako protestarekin. «Euskal Herriko hezkuntza sistema propioan, euskara eta euskal kultura izanen dira lehentasuna, euskal curriculumaren bitartez», erran du Salaberriak, eta gaineratu du sistema horrek hezkuntzaren kalitatea izanen duela ardatz: «Murrizketak bazter utzita, inbertsioak ziurtatuz eta aukera berdintasuna bermatuz». «Eskola parekide, barneratzaile eta laikoaren bidean, denok dugu zer esana», erantsi du.

Protesta amaituta, Sortzen Ikasbatuaz-eko kideek beraiek egindako argazkiak ezabatu behar izan dituzte, Foruzaingoaren aginduz, Salaberriak salatu duenez. Gainera, «kaka erraldoia» Hezkuntzaren egoitzaren atarian uzteagatik salaketa jasotzeko mehatxua egin diete.

Ikasleak, parlamentuan

NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasle Kontseiluko ordezkariek tasak ez igotzeko eskatu dute Nafarroako Parlamentuan. Bilduk eskatuta, lan saioa egin zuten, atzo, Hezkuntza Batzordeko kideekin; haien aurrean nabarmendu zuten matrikulen prezioa igoz gero ikasle anitzek ezin izanen dutela unibertsitatean jarraitu. «Orain ordaintzen duguna nahikoa eta sobera da», erran du NUPeko Ikasle Kontseiluko presidente Pablo Alonsok.

Ikasleekin bat egin dute Bilduk, NaBaik, Ezkerrak eta PSNk. Tasak ez igotzeko eskatu dute. Espainiako Gobernuak hartutako erabakiaren alde egin du PPNk. UPNk, berriz, legea beteko duela erran du. «Ministerioak zehaztu behar du tasen igoera nola egin, eta horren arabera ikusiko dugu neurria Nafarroan nola ezarri», erran du UPNko parlamentari Carmen Gonzalezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.