HEZKUNTZA

Hezkuntza erreforma onartu du Espainiako Kongresuak

LOMCE legeari nola aurre egin eztabaidatu zuten atzo Eusko Legebiltzarrean. "Segurtasun juridikoari" eustea ezinbestekoa dela ohartarazi dute EAJk eta PSEk, eta legea ezartzeari muzin egitea ez dute bideragarri ikusten. Bideoa: LOMCEren aurkako elkarretaratzea Donostian. [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1965/[/berriatb]

LOMCEren aurka Iruñeko manifestazioa, gaur arratsaldean. LAB
2013ko azaroaren 28a
20:14
Entzun

Urriaren 10ean onartu zuen lehen aldiz Espainiako Kongresuak Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa, Senatuan onar zezaten. Han ere onartuta, gaur bozkatu dute behin betiko kongresuan LOMCE legea onartzeko. PPren gehiengo absolutuari esker egin du aurrera lege egitasmoak. Oposizio osoak aurka bozkatu du, eta abstentziora jo du UPNk.

Ibilbide luze eta zalapartatsua izan eta gero onartu dute lege egitasmoa. Kontrola eta zentralizazioa ditu kutsu Wert legeak. Bi aldetatik egin nahi du hori. Batetik, ikasgaien edukiak zehazteko ahalmena Madrilera eramanda ―lehenbizi erkidegoen eskumenak edukiaren %35era apalduko zirela iragarri zuen; azkenean, ikasgai nagusien eduki osoa Espainiaren esku utzi dute―. Bestetik, “ebaluazio nazionala” jarrita. Berez ikasleen maila ebaluatzeko tresna izango dira, tituluak lortzeko gainditu beharrekoak, baina bistan dago kontrolerako tresna ere izango direla: Madrilek jarriko ditu azterketak.

Atzo, osoko bilkura monografikoa egin zuten Eusko Legebiltzarrean, Madrilen legeari nola aurre egin zehazteko. EAJren eta PSEren arteko ebazpen bat onartu zuten; horren arabera, LOMCEren kontra auzitegietan egingo du bidea Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, PSEren babesarekin.

"Baldintza egokiak" aurre egiteko

Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburua Euskadi Irratian mintzatu da legeari aurre egiteko aukeren inguruan. Esan du "aukera bat baino gehiago" daudela eta, "batez ere, baldintza egokiak" daudela.

Nabarmendu du politika eta hezkuntza alorretako eragile gehienak "bat eginda" daudela gaur onartuko duten lege proiektuaren kontra, eta batasun hori dela "baldintza nagusia". "Helegitea da aukeretako bat. Ez gara geldi egongo", azaldu du Aurrekoetxeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.