Hezkuntza

Hezkuntza erreformak hizkuntza gutxituen aurka egiten duela salatu dute

Euskal Herritik, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao joan da; Galiziatik, A MESA pola Normalización Lingüística erakundea; Herrialde Katalanetatik, berriz, CIEMEN-Enllaçats.

2013ko martxoaren 12a
18:03
Entzun

Hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten hainbat erakunderen ordezkariak izan dira gaur Madrilen, Espainiako Diputatuen Kongresuan Gobernuak hezkuntzan abian jarri nahi duen legea salatzeko. Euskal Herritik Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao joan da; Galiziatik, A MESA pola Normalización Lingüística erakundeko lehendakari Carlos Callon; Herrialde Katalanetatik, berriz, CIEMEN-Enllaçats erakundeetatik Maria Areny, Vicent Mauri eta Joaquim Arenas eta Maria Antonia Font.

Hiru erakundeek bat egin dute Espainiako Hezkuntza ministro Jose Ignacio Wertek egindako proposamenaren irakurketarekin: “Gure eta ordezkatzen dugun erakundeen, aburuz, zirriborro horrek gure hizkuntza-komunitateei zuzenean eraso egiten die, hizkuntza gutxiagotuak bermatu eta indartu beharrean gure hizkuntzen aurkako planteamendua delako eta bigarren mailako hizkuntza gisa betikotu nahi dituelako, horrek dakartzan ondorio guztiekin".

Aldarrikapen zehatzak egin dituzte talde parlamentarioen aurrean. Batetik, hizkuntza-eskubide osoak bermatzeko eta   berezko hizkuntzetan normaltasunez bizitzeko eskubidearen aldeko lana berretsi dute. Bestetik, hizkuntza gutxituen ezagutzaren zein erabileraren normalizazioan aurrera egiteko hizkuntza-politikak defendatzen dituztela adierazi dute, "administrazioetan, eskolan, hedabideetan etab. presente egon daitezen, eta lurralde bakoitzean hizkuntza komuna eta kohesio sozialerako hizkuntza izan daitezen".

LOMCE Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoak horren kontra egiten duela adierazi dute. “Hezkuntza Lege berriaren zirriborroa onartezina da, hezkuntza kontraerreforma atzerakoia, homogeneizatzailea eta baliogabea proposatzen duelako. Are gehiago, alferrikako proposamena da ez duelako ikasleria prestatzen egungo egoerak eskatzen dituen erronkei aurre egiteko" Adierazi dute erakundeetako ordezkariek.

Ordezkariek gaineratu duenez, "Wert ministroak gure hizkuntzekiko agertzen duen obsesio gaixo eta aurrekonstituzionala islatuta agertzen da aipatu proposamenean”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.