"Herri erantzun bateratu bat" nahi du EH Bilduk Espainiako Gobernuak atzo onartutako hezkuntza erreformaren aurrean. Koalizioko legebiltzarkide Dani Maeztuk galdegin du Auzitegi Konstituzionalera jotzea baino harago joatea. "Dei bat egiten diogu hezkuntza komunitateari erantzun bateratu bat emateko", esan du.
Radio Euskadin eginiko adierazpenetan, Maeztuk esan du hezkuntza erreformak berdin eragingo diela Espainiako erkidego guztiei eta "berdin" duela "lanak ongi ala gaizki" egin. Oroitarazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola porrota Espainiakoa baino apalagoa dela.
Gainera, kritikatu du "eduki ideologikoa" eman diola Madrilek neurriari, eta gogorarazi du erlijioak batez besteko notan eragina izango duela.
Eskumena babesteko "prest"
Bestalde, Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak esan du hezkuntza erreformak "eskumen urraketa" eta "atzerapauso linguistikoa" eragingo dituela, eta esan du EAJk "tresna guztiak prest" izango dituela Jaurlaritzaren hezkuntza eskumena babesteko. Auzitegi Konstituzionalera jotzeko aukera aipatu du.
Egibarren ustez, "uniformizazio eredu bat" ezarri nahi du Espainiako Gobernuak, eta gaineratu du Jaurlaritzak "marra gorriak" defendatuko dituela.