HEZKUNTZA. Euskal Curriculumaren inguruko kritikei erantzun die Sortzenek

Informazioa nahi izan duen orok jaso du, Sortzen Ikasbatuazen arabera

DONOSTIA
2006ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Azken bi asteotan Euskal Curriculumak jasotako «iritzi interesatuei» erantzunez, Euskal Curriculumaren inguruko hainbat zehaztapen egin zituen Sortzen Ikasbatuazek atzo. Elkartearen lehendakari Juan Karlos Aretxabaletaren esanetan, «hainbat alderdi politiko gezurretan oinarritutako eztabaida faltsua bultzatzen ari dira, eta hori gelditu egin behar dugu».

Onartezina iruditzen zaio«zenbait politikari arduragabek» Euskal Currculumaz egin dituzten adierazpen «maltzurrak» . Elkartearen esanetan, hasieratik alderdi politikoei, sindikatuei eta eragile sozialei Euskal Curriculumaren inguruko informazioa emateko ahalegina egin dute, baina zenbait eragilek ez duteinteresik azaldu. «Euskal Curriculumaz ezer ez dakitela esaten dutenek, orain arte eurek ezer jakin nahi izan ez dutelako izan da, ez guk eragotzi diegulako». Sortzen Ikasbatuazen esanetan, Euskal Curriculumarekin euskal herritar batek Euskal Herriaz eta munduaz eduki behar dituen ezagutzak zehaztuko dituzte. Horregatik, euskal herritar guztien iritziak jaso nahi dituzte, curriculumaren edukiek ahalik eta babes gehien izan dezaten. «Elkarlanean oinarritutako eta era aktiboan parte hartuz eraikitako egitasmo komuna eratzea da gure helburua. Horretarako, ahalik eta ekarpen gehien jaso nahi ditugu; Euskal Curriculum osoago bat lortzeko». Sortzen Ikasbatuazek jakinarazi zuen eragile sozial eta politiko guztiekin biltzeko prest dagoela, Euskal Curriculuma ez baita «erakunde bakar baten eskuetan dagoen jabegoa». Era berean, Euskal Herriak hezkuntza sistema propioa izateko eskubidea duela aldarrikatu zuen elkarteak, eta Euskal Curriculuma egituratzeko premia nabarmendu zuen. «Zorionez, Euskal Herri osorako baliagarria izango den Euskal Curriculumaren prozesuan, gero eta sentsibilitate gehiago batzen ari gara». Sortzen Ikasbatuazek oso balorazio positiboa egin zuen orain artean jasotako erantzunen inguruan.

Euskal Curriculumaren inguruko gogoeta kolektiboa

Euskal Curriculumaren ekimenaren inguruan, egiteko lan handia dago oraindik, eta datozen hilabeteetan curriculuma nola hobetu dezaketen aztertuko dute. «Otsailetik apirilaren erdira bitartean, ikastetxeetako balorazioa egingo dugu, eta laster Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculumaren (DEEC) proposamena plazaratuko dugu. Horren inguruan ere gogoeta kolektibo bat egingo dugu».

Horren harira, Sortzen Ikasbatuazek deialdi bat egin zien erakunde publikoei, hezkuntza eragileei, ikastetxe publikoei eta euskal gizarteari. «Eragile guztiei Euskal Curriculumaren aldeko sentsibilizazio neurriak hartzeko eskakizuna egin nahi diegu, horrela ikastetxe publikoetan Euskal Curriculuma ezarri eta garatu dadin». Eztabaida soziala herritar guztiengana zabaltzeko eta eskola zein kaleko ekitaldietan parte hartzeko deia ere plazaratu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.