HEZKUNTZA. EUSKARA NAFARROAN. «Demokrazian eskubideak ezin dira portzentajetan inolaz ere neurtu»

Euskararen normalizazioaren alde aritzen da Sortzen-Ikasbatuaz elkartea. Eskola publiko eta euskaldunaren eskubideen alde dihardu lanean, Nafarroan besteak beste.

Naiara Elola.
Iruñea
2009ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Nestor Martinez (1978, Errenteria, Gipuzkoa) da Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko Nafarroako koordinatzailea. Azken urteetan Nafarroan euskararen egoerak hobera egin duela aitortzen du, baina lan asko dagoela egiteko irizten dio. Lanak ez du beldurtzen Martinez, Sortzen-Ikasbatuaz-ek behar duen edozeini laguntza eta babesa emateko prest dagoela dio, euskararen egoera hobetu ahal izateko.

Eremu erdalduneko hainbat eskola publikotan D eredua ezartzea nahi dute hainbat gurasok. Hori posible al da?

Lehenik eta behin ezinbestekoa da jakitea 1986. urteko Euskararen Legeak ez duela inolaz ere esaten eremu erdaldunetako eskola publikoetan D ereduan irakatsi ezin daitekeenik. Jende askok ez du horren berri, eta horretan zeresan handia du Nafarroako Gobernuak. Hala ere, argi utzi behar da Euskararen Legea euskararen aurka doala. Herritarren bizilekuaren arabera ezberdintzen ditu eskubideak, eta hori ez da zilegi demokrazian.

Zein pauso eman behar dituzte gurasoek D eredua ezartzeko eskola horietan?

Ezinbesteko premisa tematia izatea da. Herri mugimenduen bitartez erdiesten dira helburu gehienak, eta kasu honetan ere hala da. Herriko eskolan D eredua ezarri nahi duten gurasoek atxikimenduak lortu behar dituzte, eta alderdi politikoekin hitz egin. Behin pauso horiek emanda, urtero-urtero herriko eskolan aurrematrikulatu behar dituzte haurrak, D ereduan noski. Hala, dinamika horrekin jarraitu behar dute ikasturtez ikasturte helburua lortu arte. Izan ere, legeak ez du inolako baldintzarik ezartzen eremu erdalduneko eskoletan D eredua ezartzeko.

Mendigorriako haurrek Garesera joan behar izaten dute D ereduan ikastera. Zergatik ordaintzen dute garraioa euren poltsikotik ?

Berez, Gares ez dago Mendigorriako eskola eremuan. Hala, Gobernuak ez die aitortzen haur horiek arrazoi linguistikoengatik ikasten dutela Garesen. Ondorioz, duela gutxi arte, gurasoek euren poltsikotik ordaintzen zuten jangela eta garraio zerbitzua. Egoeraren berri eman zigutenean, ekonomikoki laguntzen hasi ginen. Dena den, guretzat oso garrantzitsua da horiek Mendigorrian ikastea. Azken finean, gertuen duten eskola da, eta herriak indartzeko baliabide ere badira. Heldu den apirilaren 18an festa bat egingo dugu Mendigorriako eskola publiko euskalduna aldarrikatzeko Artaxoan.

Zer iruditzen zaizu Aranguren, Beraskoain, Galar eta Noain eremu mistoan sartu nahi izatea?

Argi utzi behar da egun Euskararen Legea guztiz gainditua dagoela. Legearen gainetik euskara Nafarroa osoan eskaini behar da, baina borondate politikoa behar da horretarako. Hala ere, herri horiek eremu mistoan kokatu ahal izateko, Udalek izango dute azken hitza, horiek gehiengo osoz eman behar baitute baietza. Nire iritziz, demokrazian eskubideak ezin dira portzentajetan inolaz ere neurtu.

Zer-nolako hartu-emana duzue Euskarabidearekin?

Egia esan, hainbat gurasok izan dute harremanik. Hala ere, Euskarabidearen jarrera jakina izan da hasiera-hasieratik, legea errespetatzea, eta hor ikusten da haien zurikeria. Erakunde askea izan zitekeela pentsatu arren, denborak erakutsi du ez dela horrela. Azken finean, bere xedea Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika zuritzea da, eta ez euskara defendatzea.

Zuek tokian tokiko eskola defendatzen duzue. Hori posible da oraindik?

Nik uste dut baietz, eta horren alde ari gara lanean. Guk tokian tokiko eskolak nahi ditugu, eta euskaldunak, gainera. Guk bi ideia nagusirekin egiten dugu lan: Euskararen Legea gainditua dagoela eta Euskal Herri osoan euskara ofiziala izan behar dela. Hori erdiesten ez den bitartean, tamalez, egunero izango dugu zer egina euskararen eta euskaldunon eskubideen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.