Donostian, jendetza elkartu da ikastetxeetara itzulera «adostua eta segurua» eskatzeko egindako manifestazioan. ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute grebara Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzan. Steilaseko ordezkari Nagore Iturriotzek adierazi du deialdiak erantzun «oso zabala» izan duela, batez ere hezkuntza publikoan, baina itunpekoan ere bai. Sindikatuen arabera, grebak %65eko erantzuna izan du; Eusko Jaurlaritzaren arabera, berriz, %45ekoa.
Manifestazioa Alderdi Ederretik abiatu dute, eta Bulebarrean amaitu. Hezkuntza komunitateko askotariko kideek hartu dute parte protestan. Irakasleak ez ezik, manifestazioan izan dira garbitzaileak, jantokietako langileak eta gurasoak ere, umeak aldean zituztela. Segurtasun distantzia zainduta egin dute manifestazioa.
ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikaturk deitu dute greba Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzarako, eta azpikontratatutako langileak ere batu zaizkie. @berriapic.twitter.com/zM4HFo1sfQ
— Irati Urdalleta (@UrdalletaIrati) September 15, 2020
Denera, hezkuntzako hainbat etapatako 40.000 irakasle deitu dituzte grebara, eta azpikontratatutako zerbitzuetan aritzen diren beste 10.000 langile ere bai. Salatu dute Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzu handiak jarri dituztela gaurko grebarako. Garbiketan, %100ekoak, eta hezkuntza bereziko eskoletan eta hezkuntza bereziko gela egonkorretan, %75ekoak. ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek uste dute hori «greba eskubidearen urraketa larri bat» dela.
Aurrez aurreko itzulera “adostua eta segurua” eskatzen ari dira langileak. @berriapic.twitter.com/nVj9ikqG1M
— Irati Urdalleta (@UrdalletaIrati) September 15, 2020