Gizartea

Hezkuntza legerako oinarrizko dokumentuak talka sortu du Eusko Legebiltzarrean

EAJk, PSE-EEk eta PPk 120 zuzenketa baino gehiago egin dizkiote Hezkuntza Sailak aurkeztutako dokumentuari. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskatu dute txostena egiteko prozesua errepikatzeko.

Critina Uriarte Hezkuntza saiburua gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Jon Rejado.
2018ko urriaren 22a
07:46
Entzun

Eusko Legebiltzarreko taldeek 120 zuzenketa inguru egin dizkiote Hezkuntza Akordioaren Oinarriak dokumentuari. Arratsaldean bozkatuko dituzte, eta EAJren, PSE-EEren eta PPren botoekin onartu dira gehienak: sei erdibideko akordio lortu dituzte, EAJk eta PSE-EEk egindako guztiak babestu ditu PPk, eta gobernua babesten duten alderdiek popularren hamasei zuzenketa onartu dituzte. 

Ekarpen horiek jaso ondoren Hezkuntza Sailak Hezkuntza Legearen zirriborroa garatzen hasiko da, txostenean oinarrituta. Hezkuntza Batzordeko eztabaidak agerian utzi du Eusko Legebiltzarrean iritzi kontrajarriak sortu dituela. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek txostena egiteko prozesua errepikatzeko eskatu dutela iragarri dute. Are, EH Bilduk uko egin dio bozketan parte hartzeari.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak aurkeztu du txostena Eusko Legebiltzarrean. Hezkuntza Lege berri baten “behar objektiboa” dagoela azaldu du. Gizarte “bidezkoagoa eta solidarioagoa” lortzeko helburua izan behar duela gaineratu du. Helburu horrek eragile guztiak batzen dituela nabarmendu du, baita ados jartzeko beharra goratu ere. Hori dela eta eragile guztien parte hartzea eskatu du, “taldeko ahalegina” eginez legea egiteko, “duela mende laurden bat egin zuten bezala”.

Uriarteren eskariak iritzi kontrajarriak sortu ditu Batzordean. EAJko legebiltzarkide Jone Berriozabalek txalotu du Hezkuntza Akordioaren Oinarriak dokumentua egiteko prozesua. Ekarpenetara irekita egon dela gogorarazi du, eta eragile gehienen ekarpenak jaso dituela gaineratu du, batzuek “beren kabuz” parte hartzeari uko egin badiote ere. Hezkuntza sistema osoak aukera berdintasuna bermatu behar duela nabarmendu du, eta txostenaren aurka agertu direnei leporatu die sare publikoa eta itunpekoa "aurrez aurre" ipini nahi izatea.

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, Hezkuntza Batzordera heldu dena “sasi akordio” bat da. “Bidezidorrak” hartu izana leporatu dio Hezkuntza Sailari, eta prozesua berriz hasteko eskatu du. Hiru pauso eskatu dizkio: aurreko Hezkuntza Legearen diagnostikoa egitea; lege berria egiteko prozesuan eztabaidatu beharreko gaiak adostea; eta, azkenik, eztabaidari heltzea, maila teorikotik praktikorako bidea eginez. “Eztabaida horiek gogorrak izango dira, baina ez dago beste biderik”.

Ildo beretik mintzatu da Iñigo Martinez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea. Hezkuntza Sailak txostena egiteko prozesua “moztu eta gidatu” duela kritikatu du. Halaber, gogora ekarri du eskola publikoaren ordezkari gehienek ez dutela ontzat jo agiria. Hezkuntza Sailak aurkeztutako txostenak “azaleko gaiak” jorratzen dituela azaldu du Martinezek, eta “oinarrizkoak” falta direla: hezkuntza sistemaren egituraketa, erlijioa, edota finantzaketa, kasurako.

PSE-EEko Jose Antonio Pastorrek txostenari kritika egitea ontzat jo du, eta gaineratu zuen kritika horietako batzuekin bat ere badagoela. Ordea, txostenari ekarpenak egiteko aukeraren balioaren alde agertu da, eta zenbait proposamen egingo dituela iragarri du. Hezkuntza Legea “apustu estrategikoa” dela goratu du, eta apustu horretan hezkuntza publikoak sistemaren “ardatza” izan behar duela zehaztu du. Halaber, lantaldeari dagokionez.

Juana Bengoetxea PPko legebiltzarkidearen iritziz, Hezkuntza sailburuak aurkeztutako txostena “azalean” geratu da. Hala ere, gaineratu du “posible zen txosten bakarra” izan dela. Hezkuntzan “muturreko bi jarrera” daudela hausnartu du, eta horrek beste akordio batzuk zaildu dituela. “Azalean geratutako desadostasunak egon badira, pentsa finantzaketan edota egitura antolaketan sartu izan balitz”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.