Gizartea

Hezkuntza Ministerioa Seaskarekin biltzeko prest dela dio Capdeviellek

Baionako PSren egoitza okupatzen jarraitzen du Seaskak, gaua bertan eman eta gero. Hezkuntza ministroarekin batzartzea galdegin du Iparraldeko ikastolen federazioak, lege babesa bermatzeko ikastolentzat.  Alderdi Sozialistak ez du oraingoz salaketarik jarri. 

2013ko uztailaren 4a
12:19
Entzun

Baionako PSren egoitza barruan jarraitzen du atzo arratsean bertara sartu zen Seaskako guraso eta ikasle taldeak. Colette Capdevielle PSko diputatuak goiz honetan erran die Frantzaiko Hezkuntza Ministerioa Seaskarekin batzartzeko prest dagoela. Ez du datarik jarri, ordea. Ministerioarekin bilera ziurtatu eta lotu arte okupazioarekin jarraituko duela berretsi dute Seaskako kideek.

Atzo 17:30 aldera sartu ziren Ipar Baionako PSren egoitzan. Hogeita hamar bat pertsona ziren. Lege bat ikastolentzat! leloa idatzia zuen pankartarekin sartu ziren barrura. Gaua egoitza barruan eman dute hamabost bat pertsonek. Goizeko zazpietan Baionako sozialisten diruzain Christian Muratek egoitzatik "alde egiteko" eskatu dio taldeari. Ostantzean, Muratek jakinarazi die Alderdi Sozialistako departamentuko Patrice Laurentek salaketa ezarriko duela. 

Seaskak herritarren sostengua eskatu du, eta Baionako Gaskoinen plazara hurbiltzeko gomita zabaldu. Hur Gorostiaga, Seaskako zuzendaria, PSri mintzatu zaio: "Bi aterabide dituzte; konponbide bat lortu edo egoera gehiago okertu, salaketa ezarriz eta poliziak igorriz".

Gorostiagak "lehen bidea" lortzeko nahia azaldu du. Aldi berean, jakinarazi du François Hollande presidentearekin edo Vicent Peillon Hezkuntza ministroarekin hitzordurik lortu arte ez direla beren gisaz mugituko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.