hezkuntza

Hezkuntza ministroarengana eraman du aldarrikapena Seaskak

Ez dute espero aurten irakasle gehiago lortzerik, baina, datozen urteetarako balioko duelakoan, borrokan segitzen dute Seaskakoek. Pauera joan dira ministroak parte hartu behar duen ekitaldi batera. Kide batek ministroarekin hitz egitea lortu du, eta bilera bat hitzeman dio hark.

Seaskako kideak, gaur, Pauen. EIHARTZE ARAMENDIA IPARRAGIRRE
2018ko irailaren 8a
07:46
Entzun

Kasu, ikastola kexu leloa Pauera eraman du gaur Seaskak. Han, ekitaldi batean parte hartzekoa da Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroa, eta beren eskaerak harenganaino iristea nahi dute.

Azoka bat inaguratzera joan da ministroa Pauera, eta hara sartzeko saioak egin dituzte Seaskako kideek. Poliziak ez zien utzi nahi, eta tentsio uneak izan dira. Nolanahi ere, Filipe Lazkarai Seaskako kideak lortu du Blanquerrekin hitz egitea, eta bilkura bat hitzeman dio. Bien bitartean, haren kabineteko kideekin bilduak dira Seaskako beste bi lagun.

Han da Eihartze Aramendia Iparragirre kazetaria.

Asteartean erabaki zuten Seaskako kideek gaur Pauera joatea. Seaskako ordezkariek eta Bordeleko Akademiako arduradunek bilera egin zuten egun horretan irakasleen aferari buruz, baina ez zen berritasunik izan: estatuak ez du postu gehiago onartuko. Ate hori itxita, bi bide jorratuko ditu Seaskak, Hur Gorostiaga zuzendariak aurreratu zuenez. Batetik, protestak gogortuko dituzte; eta, bestetik, ardura hartzeko eskatuko diete tokiko instituzioei. Hala, mobilizazioen arloan kokatzen da gaurkoa.

Izan ere, tentsioa areagotzen ari da Seaskako irakasle postuak direla eta. Gero eta ikasle gehiago dauzkate Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikastolek, baina ez dizkiete onartzen haiei kasu egiteko adina irakasle. Iaz baino 230 ikasle gehiago dituzte aurten, eta Seaskak dio 25 irakasle behar dituela gorakada horri erantzuteko; ministerioak, berriz, bost postu eta erdi eman dizkio, eskatutakoen laurdenak ere ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.