Hainbat sindikatuk Nafarroako hezkuntza arlorako deitutako greba deialdiak parte hartze handia izan du, %65-70ekoa, haiek eguerdian esan dutenez. Aldiz, Nafarroako Gobernuak aipatu du jarraipena %33koa izan dela.
LABen arabera, Beran 63 irakasletatik 47k egin dute lanuztea, Altsasun 67tik 54k, Garraldan 27ek, Antsoainen 54tik 51k, Irurtzunen 48tik 41ek, Faltzesen 29tik 27k eta Zangozan 43tik 20k. Gainera, Iruñean, Tuteran eta Lizarran greba eginen duten milaka irakasle izan dira 12:00etarako deitutako hiru manifestazioetan. Iruñeko martxaren ondoren foruzainek kargatu egin dute alde zaharrean.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak egindako murrizketeen ondorioz hezkuntza sistemak egun duen kalitate galtzeko arriskua dagoela ohartarazi dute sindikatu eta hezkuntza eragileek. LAB, ELA, EILAS, CSIF eta CCOO sindikatuek azken astean antolatutako mobilizazioetan azkena izanen da gaurkoa. Orain arteko ekimenetan%50 eta %60 arteko parte hartzea izan dela esan dute sindikatuek; %16 ingurukoa, Hezkuntza Departamentuak.
Nafarroako 8.100 irakasle inguru zeuden gaur grebara deituta.
Mobilizazio gehiago
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetan ere izanen dira gaur hezkuntza publikoaren aldeko manifestazioak, ELA, EILAS eta LAB sindikatuek deituta. Salatu dute Hego Euskal Herrian BPG barne produktu gordinaren %3,5 baino ez dela hezkuntzara bideratzen, eta egoerari, "krisia aitzakia", aurrekontuetako murrizketak gehitu zaizkiola gogorarazi dute. Eusko Jaurlaritzaren zein Nafarroako Gobernuaren jarrera kritikatu dute, eta egun hezkuntzak duen egoera ezkutatzea leporatu diete: "Ez da sinetsarazi nahi digutena".
Era berean, hezkuntzaren kalitateari eusten bazaio langileen eta hezkuntzako beste eragileen "inplikazio, lana eta esfortzuagatik" dela nabarmendu dute sindikatuek, eta ez erakundeen inbertsio ekonomikoengatik.
18:30ean abiatuko dira hiru hiriburuetako manifestazioak. Bilbokoa Arriaga antzokiko plazan hasiko da; Donostiakoa, Bulebarrean; eta Gasteizkoa, Andre Mari Zuriaren plazan.