Diskriminazioa

Hezkuntza Sailak ez du erantzun Gasteizen bereizi zuten ikaslearen kasuan

Sos Arrazakeria, Mugarik Gabeko Marokoarrak eta Ongi Etorri elkarteek salatu dute zapia janzteagatik aldendu zuten ikaslea ez dela itzuli bere ikasgelara.

Neska bat buruko zapiarekin, erlijio askatsunaren aldeko protesta batean. ANDERS WIKLUND / EFE
2016ko uztailaren 12a
09:07
Entzun

Ekain hasieratik, 10 urteko neska bati gelara sartzea ukatu diote Gasteizko ikastetxe publiko batean, irizpide erlijiosoengatik buruan zapia janzteagatik. Adingabeak salaketa jarri zuen zegokion erakundeetan, baztertua izan eta berehala. Hilabete pasatu ondoren, auzia konpondu gabe dagoela jakinarazi dute hiru elkarteek.

Ikastetxeak adingabea berriro ere atsedenaldietan egotea onartu duela azaldu dute. Bere ohiko janzkerarekin "normal-normal" izan ditu harremanak ikaskideekin. Aldiz, ez dute ikasgelan berriro onartu. Klaseak bereizita jasotzen jarraitzen du.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari esku hartzeko eskatu zioten aipatutako elkarteek orain dela aste batzuk. "Ez dugu inolako erantzunik jaso", kritikatu du Fede Garcia SOS Arrazakeria elkarteko bozeramaileak. Dei egin dio departamentuari diskriminazio kasu hau konpon dezan. Elkarteko ordezkarien ustez, janzkera jakin bat ezin da “elkarbizitza” arazo izan. Arazoa enkistatu aurretik Jaurlaritzak erantzun azkar eta eraginkor bat eman behar duela gaineratu dute. Zehazki, elkarteek esan dute bazterturiko adingabeak bere ohiko ikasgelara itzuli beharko lukeela 2016-2017ko ikasturte hasierarako.

Sos Arrazakeria, Mugarik Gabeko Marokoarrak eta Ongi Etorri elkarteek salatu dute pertsona bati ezin zaiola eskubide unibertsal bat —hezkuntza eskubidea— kendu bere janzteko eragatik. Horren haritik, diskriminaziorik eta bazterkeriarik gabeko hezkuntza publiko bat aldarrikatu dute.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.