Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ehunka irakasle, Gasteiz, Bilbo eta Donostian Hezkuntza Sailak duen ordezkaritzetan elkartu dira gaur eguerdian. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak asteko lan orduak handituko dizkien errege dekretua betetzera behartu du Eusko Jaurlaritza. Atzo bildu ziren sindikatuak eta Hezkuntza Saila. "Esan digute epaia beteko dutela. Baina ez digute bermatu murrizketarik ez dela egongo, eta honen ondorioak oso larriak izan daitezke", ohartarazi du ELA sindikatuko Irakaskuntzako arduradun Xabi Irastorzak.
Lan orduak ugaritzeaz gain, ordezkapenak gutxituko lirateke. Milaka lanpostu suntsitu daitezkeela uste dute sindikatuek. Datuak eman ditu Irastorzak: 2.300 inguru irakaskuntza publikoan eta 600dik gora itunpekoan.
Udako oporraldian etena egingo dute, baina irailean murrizketarik egongo dela ikusiz gero ikasturte gogorra iragarri dute. Grebara joko dutela ohartarazi dute.