Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lan eskaintza publiko batera deitu du datorren urtean. 1.825 lanpostu aterako ditu deialdian, Haur eta Lehen Hezkuntzakoak. Deialdiaren aurkezpenean Hezkuntza Saileko ordezkariek esan dute "behin-behinekotasunari aurre egiteko" atera dutela. Euren asmoa da bitartekotasun tasa hamar puntu jaistea eta %17an uztea. Hezkuntzako sindikatuetako ordezkariekin bilera egin dute, eta lan deialdi hau izan dute hizpide.
Lau urtean bosgarren lan eskaintza publikoa izango da 2015etik. "Urtero LEP bat deitzeko hartu zuen konpromisoa betez, Hezkuntza Sailak nahitaezko deritzo enplegu deialdiak egiten jarraitzeari, Euskal Hezkuntza Sistemako irakasleei lan-egonkortasun handiagoa eskaintzeko helburuz, egonkortasun horrek aldi berean sendoago bihurtuko baitu hezkuntza sistema, irakaskuntzaren kalitatean ere eraginez", adierazi du Irekia Eusko Jaurlaritzaren atarian.
Bosgarren deialdi honetan, Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, araudiak baimentzen dituen lanpostu guztiak eskainiko dituzte. Orduan zehaztuko dituzte izena emateko epeak, proben egutegia eta ezaugarriak, programazio didaktikoa aurkezteko egunak eta gainontzeko informazio guztia.