Hezkuntzatik eta osasunetik 10.000 milioi euro kenduko ditu Espainiak

Mariano Raxoik ez du argitu murrizketak non eta nola egingo dituen; zehaztasunak bihar ematea espero dute

Erredakzioa
2012ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Osasun zerbitzu publikoan eta hezkuntzan 10.000 milioi euro murriztuko ditu Espainiako Gobernuak. Zerbitzuak «arrazionalizatu, bikoiztasunak ezabatu eta kudeaketa hobetu»; hiru ardatz horiekin espero du gobernuak dirutza hori aurreztea. Oraindik ikusteko dago Hego Euskal Herriko instituzioei nola eragingo dien murrizketak; bai osasuneko, bai hezkuntzako eskumen gehienak autonomia erkidegoen esku daude, baina gobernuak berretsi egin ditu, behin berriro, autonomia erkidegoen aurrekontuen gaineko kontrola estutzeko asmoak. Espero dute Mariano Raxoi Espainiako presidenteak bihar zehaztuko duela hurrengo erreformak eta murrizketak non eta nola egingo dituen. PPko diputatuekin bilera egitekoa da, eta orduan azalduko ditu erreforma egitasmoak.

Espainiako Gobernuak atzo arratsean ezagutarazi zuen erreforma egitasmoa, zehaztasunik eman gabe. Osasun zerbitzu publikoan egitekoak diren erreformei buruzko adierazpen eta gezurtapenen ostean eman zuen gobernuak murrizketen berri. Goizean, Luis De Guindos Ekonomia ministroak iragarri zuen gobernua aztertzen ari dela osasun zerbitzuan berrordainketa jartzeko aukera. Errentaren araberako ordainketa sistema progresibo bat jartzea aukeran dagoela adierazi zuen. PPko Antolakuntza idazkariorde Carlos Florianok laster gezurtatu zituen De Guindosen adierazpenak. Ministroaren «gogoeta» bat zirela zehaztu zuen.

Aldi berean, Ana Mato Osasun ministroak berriro esan zuen osasun zerbitzu publiko eta unibertsala mantentzearen alde egingo duela PPk. Hala ere, osasun sistemak egoera «jasangaitza» duela, eta erreformak ezinbestekoak izango direla erantsi zuen Matok. «Gastua arrazionalizatu, sistemak hobetu eta bikoiztasunak kendu» egin behar direla gaineratu zuen; horretarako, osasun zerbitzu oinarrizkoen kartera bat zehaztu behar dela ohartarazi zuen. Osasun arloko erkidegoetako arduradunak bildu, eta erreforma haiekin zehazteko asmoa ere aurreratu zuen.

Gauza bera iragarri zuen Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak: autonomia erkidegoetako arduradunak elkartuko dituela, erreformaren ezarpenaz hitz egiteko.

Pribatizazioak iragarri dituzte

Osasun eta hezkuntza arloetako murrizketak Erreformen Programa Nazionalean sartu ditu gobernuak, eta 2012-2015 Egonkortasun Planean kokatu. Europako Batzordeari hil honetan aurkeztekoa da egonkortasun plan hori. Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordearekin, Ana Matorekin eta Jose Ignacio Wertekin bildu zen Raxoi atzo, eta bileran zehaztu zuten plana. Hezkuntzako eta osasuneko neurriez apartekoak ere onartu dituzte. Pribatizazioak, kostuak murrizteko neurriak eta enpresen lehiakortasuna handitzeko proposamenak egin dituzte.

Era berean, 2013an gobernuaren defizitak BPG barne produktu gordinaren %3 ez gainditzeko helburua berretsi dute. Aurtengorako, erkidegoen defizitak BPGaren %1,5etik gora ez egiteko proposamena ere berritu dute. Ez dute baztertu helburura iristen ez diren erkidegoen kontuetan esku hartzeko aukera. Sektore publikoak kontrolatutako bankuen salmenta bizkortzeko asmoa ere agertu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.