HHko eta LHko 25 ikaslerainoko taldeetan ez dute tartea mantendu eta maskara jantzi beharko

Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak datorren ikasturterako plana aurkeztu du. «Normaltasun berrian», hezkuntza presentziala izango da, eta eskola garraioa eta jangela mantendu egingo dituzte.

Zangozako ikastolako ikasgela bat, artxiboko irudian. IñIGO URIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 23a
12:36
Entzun

Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak datorren ikasturterako argibideak eman ditu. Lau egoera desberdin egon daitezkeela kontuan hartuta lan egin dutela azaldu du: «normaltasun berria», koronabirusaren agerraldi bat, agerraldia «larria» izan eta online irakaskuntza indartzea eta ikastetxeak guztiz itxi beharra. Hurrengo ikasturtearen garapena «aurreikusi ezina» dela esan du Gimenok, «pandemiaren eboluzioa nolakoa izango den ezin delako jakin». Horrenbestez, lau egoera jasotzen dituen kontingentzia plan bat aurkeztu dute. «Berrikusi beharko da, osasun agintariek diotenaren arabera».

Lehenengo egoeran, hezkuntza presentziala izango da etapa guztietan, eta ikastetxeetako ordutegia mantenduko da, baita eskola garraioa eta jangela ere. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, 25 ikaslerainoko gelak «bizikidetza talde iraunkorrak» izango dira. 25 ikasle baino gehiagoko geletan, berriz, ikasgelen tamainarengatik metro eta erdiko distantzia mantendu ezin denean, «kasu bakoitza ikastetxeetako arduradunekin aztertuko da konponbide egokiena emateko». Gainerako mailetan, metro eta erdiko distantzia egongo da, eta ikasle bakoitzak 2,25 metro karratu izango ditu gutxienez. «Beraz, ikasgeletako gaitasuna horien tamainaren araberakoa izango da, eta DBHn 30 eta Batxilergoan 33 ikasle ere egon daitezke», azaldu du Gimenok. Gelan sartzen ez diren kasuetan, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan ikastetxean beste leku batzuk aurkituko zaizkie. Gainerako mailetan, ikastetxeak erabaki dezake taldeak mantentzea maskarak erabiliz, ikasleei eskolak ikastetxean bertan online ematea, edo goiz eta arratsaldeko txandak ezartzea.

Bigarren egoeran, hezkuntza presentzialean jarraituko dute, baina ordutegi jarraitua ezarriko dute, eta ez da egongo jangelarik, baina bai eskola garraioa. Bizikidetza talde iraunkorren «blokeoa» indartuko da; beraz, kendu egingo dira taldeak nahasten diren espezialitateak –erlijioa, euskara...–.

Hirugarren egoeran, aurrez aurreko jarduna mantenduko da HHn eta LHn, baina ikasgeletara ezingo dute sartu espezialistek. Espezialista horiek tutore bihurtuko dira, ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua txikitzeko. Espazio gehiago erabiliko dira; besteak beste, DBHko ikastetxeak. Gainerako mailetan, hezkuntza presentziala eta etxetik online egiten dena erabiliko dituzte.

Ikastetxeak guztiz itxiz gero, online emango da hezkuntza. Hezkuntza bereziko zentroei eta ohiko ikastetxeetan dauden hezkuntza bereziko egiturei dagokienez, lehen hiru egoeretan hezkuntza presentziala bermatuko zaie.

Jangela lehen egoeran bakarrik egongo da, baina ekonomikoki zailtasunak dituztenen eta jangelako beka duten ikasleentzat menua bermatuta egongo dela ziurtatu du Gimenok. Ikastetxea dagoen herrian bizi badira, janaria ikastetxean bertan jasoko dute, eta beste herri batean bizi direnei bonu bat emango zaie.

Azaldu duenez, ez dute tenperatura hartuko ikastetxeetara sartu aurretik. Maskarak, berriz, kasu jakin batzuetan erabili beharko dituzte. Lehen Hezkuntzan eta Haur Hezkuntzan, «bizikidetza talde iraunkorretan», ez dute segurtasun distantziarik mantendu beharko, ezta maskararik erabili ere. LHn, talde iraunkor horretatik kanpo, metro eta erdiko distantzia mantendu ezin denean, jantzi egin beharko dute. Gainerako mailetan ere metro eta erdiko distantzia mantendu ezin denean erabili beharko dute maskara, baina ez da beharrezkoa izango mahaietan eserita daudenean, segurtasun distantzia hori mantenduta. HHko eta LHko irakasleentzat boluntarioa izango da maskara janztea «bizikidetza talde iraunkorretan» daudenean. Gainerako etapetan, berriz, segurtasun distantzia mantendu ezin denean erabili beharko dute. Eskola garraioan, derrigorrezkoa izango da 6 urtetik gorako haurrek janztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.