Hidroxiklorokinarekin egiten ari ziren entsegu klinikoa bertan beheiti utzi du OMEk

The Lancet aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, koronabirusa izan eta hidroxiklorokina hartzen dutenen artean handiagoa da heriotza tasa. Malaria tratatzeko erabiltzen da hidroxiklorokina. 

Hidroxicloroquina botikaren dosi bat. MARCIAL GUILLEN, EFE
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko maiatzaren 25a
20:14
Entzun

OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesus-ek jakinarazi du, gaur, hidroxiklorokina botikarekin egiten ari ziren entsegu klinikoa geldiarazi dutela. Koronabirusa duten gaixoekin probatzen ari ziren botika, baina aurrera ez segitzea erabaki dute, botika hartu dutenek heriotza tasa handiagoa dutela eta. Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak erran zuen berak hidroxiklorokina hartzen zuela koronabirusa prebenitzeko, eta, horren ondotik, zabaldu egin zen botikaren kontsumoa. 

Joan den astean argitaratu zuten The Lancet aldizkari medikoan hidroxiklorokina hartzen zuten pazienteek heriotza tasa handiagoa zuela. OMEk argitalpen hori irakurri ondotik hartu du erabakia. Hala ere, OMEk nabarmendu du datuak aztertzen eta ikertzen jarraituko dutela, eta berriz ere aztertuko dutela erabakia. Solidarity Trial programaren bidez ari ziren entsegu klinikoetan erabiltzen hidroxiklorokina, munduko 35 herrialdetako 400 erietxetan baino gehiagotan. 

Bertzelako entsegu klinikoak egiten jarraitzen du OMEk: bertzeak bertze, ebolaren aurka erabiltzen den botika aztertzen ari da, erremdesibirra; hiesaren aurkako lopinabirra eta erritonabirra; eta beta interferoia, hots, esklerosi anizkoitza tratatzeko erabiltzen den botika. 

Koronabirusa tratatzeko entsegu klinikoa geldiarazi arren, Ghebreyesusek nabarmendu du hidroxiklorokina ez dela arriskutsua malariari aurre egiteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.