Daniel Zulaika Jaurlaritzako Hiesaren Aurkako Planaren koordinatzaileak gertu-gertutik ezagutzen du hiesa.
Zein da hiesaren kontrako borrokan egiten duzuen balantzea?
15 urte daramatzagu arazoarekin eta denbora horretan hiru epe bereiztuko nituzke. Hasierako urte ilunak, batetik, hiesa bera zer zen ez genekienean. Bigarrena ilunetik argira egin genuena izan zen, 1988.etik 2000 urtera bitartean. Itxaropen haundiko urteak izan ziren horiek, prebentzio neurriak nagusitu zirelako bai sexu harremanetan, bai droga kontsumitzaileen artean. Baina azken urteetan, 2001. urtetik aurrera, goraka hasi da berriro ere gib birusaren kutsaketa, batez ere sexu bidezkoak. Beldur gara kokaina dela eta, ez ete diren haziko orain xiringak partitzeagatik izandako kutsadurak.
Sexu harremanak direla eta, axolagabekeria aipatu da, ustez beldurra galdu zaiolako gaixotasunari. Baina ez al da egon Administrazioaren aldetik ere nolabaiteko utzikeria?
Ez dut uste. Gaur, duela 15 urte egiten ziren kanpaina berdinak egiten jarraitzen dugu. Espainiako Osasun ministerioak 500 milioi pezetako inbertsioa egiten zuen bere garaian kanpainetan, eta orain horren baliokidea eurotan gastatzen jarraitzen du. Guk ere, EAEn, orain 15 urte egiten genuen ahalegin bera egiten jarraitzen dugu: aurrekontuekin eta gizarte eragileekin elkarlanean egiten duguna, antzekoa da. Arazoa besterik dela uste dut. Seropositiboentzat aukera izan dena, oztopo bihurtzen ari da gainerako herritarrentzat. Zergatik? Gaur ia inor ez da gaixotasunagatik hiltzen eta, badirudi, jendeak ulertu duela hiltzeko arriskurik ez dagoenez, babes neurriak gehiegizkoak direla.
Garai baten arrisku jardueren gaineko mezuak nabarmentzen ziren. Gaur ia aipatu ez dira egiten, ezta?
Ez nuke nik hori esango. Beharbada gaur sexu segurua aipatzen dugu gehiago, baina horrela esan edo arrisku jarduerak terminoa erabili, berdin-berdin da.
Zainetik droga hartzea izan daiteke berriro ere birusa kutsatzeko bidea. Horrela izanik, pentsatu duzue Osakidetzak bere barruan hartzea droga modu higienikoan hartzeko aretoa, leku gehiagotara zabaltzeko?
Esperientzia egokia da, jakina, baina ez dut uste hori osasun sarean sartu daitekeenik. Osakidetzak diruz babesten ditu gizarte eragileen ekimenak, uste dugulako zenbait baliabide hobeto garatu daitezkeela Administraziotik kanpo. Guk egin behar duguna da diruz babestea xiringak trukatzeko kanpainak, Hontza bezalako zentroak edo narko-aretoa bezalakoak.
HIESAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA. DANIEL ZULAIKA
«Hiesaren aurkako zenbait baliabide hobeto daude gizarte eragileen esku»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu