Hiesaz kutsatzeko arriskua %39an gutxitzen duen gel baten berri eman du Science aldizkari zientifikoak. Horretarako, gela koitoa izan baino hamabi ordu lehenago eta geroago eman behar da baginan. Ikerketa Hegoafrikako KwaZulu-Natal unibertsitateko bi ikerlarik egin dute.
Azken bi hamarkadetan mundu guztiko zientzialariak saiatu dira emakumeak berak kontrolatuko lukeen produktu kimikoaren bila, preserbatiboak gizonezkoaren kooperazioa eskatzen duelako. Zentzu honetan egin ditu adierazpenak hiesaren aurka Nazio Batuen Erakundeak daukan programa arduradun Michel Sidibek: "Itxaropena ematen diegu emakumeei. Izan ere, lehengo aldiz ikusten ditugu aurrerapenak emakumeak hiesetik babesteko. Ikerketaren emaitzak analisi gehiagotan baieztatzen badira, hiesaren bilakaera geldiarazteko aukera eraginkorra izan daiteke".
Ikerketa Hegoafrikako KwaZulu-Natal unibertsitateko Salim eta Quarraisha Abdool Karimbi ikerlariek egin dute eta hiesari buruzko Nazioarteko XVIII. Batzarrean agertu dituzte emaitzak. Ikerketan 889 emakumek hartu zuten parte, hiesik gabeko 18 eta 40 urte bitartekoak guztiak. Emakumeak bi taldetan banatu zituzten: 444 emakumek plazebo bat jaso zuten (balio sendagarririk gabeko substantzia) eta beste 445ek 'tenofovir' izeneko substantzia zuen gela. Lehen taldean 60 emakume kutsatu ziren hiesarekin eta bigarren taldean 38. Hortik ondorioztatu dute gel horren babesteko indizea %39koa dela. Gela zenbat eta gehiago eman, babesa handiagoa dela adierazi dute.
Gizartea
Hiesaz kutsatzeko arriskua gutxitzen duen gela sortu dute
Hegoafrikako unibertsitate bateko ikerketaren arabera, gelak %39an gutxitzen du arriskua. Baginan eman behar da koitoa baino hamabi ordu lehenago eta hamabi ordu geroago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu