Heriotza arriskua duten larrialdietarako osasun zerbitzuak hobetuko dituela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak. Hala, osasun etxeetatik hogei minutura baino distantzia handiagora dauden herrietara ere zabalduko dute hil edo biziko larrialdietako zerbitzua. Gertaera hauek dira hil edo biziko larrialdiak: bihotz-biriketako geldialdiak, miokardio infartuak, iktusak, traumatismo larriak eta septizemiak.
Santos Indurain Osasun sailburuak jakinarazi du Nafarroan hil edo biziko 2.710 larrialdi gertatzen direla urtero, eta horietatik batez bertze 561 lagun hiltzen direla urtero. Bihotz geldialdien kasuan, biziraupen tasa —ondoriorik gabe— %15 da. Heriotza eta ondorio tasa hori murriztu nahiko lukete larrialdi zerbitzuak hobetuta, eta lurraldeen arteko parekotasuna ere bermatu nahiko lukete osasun zerbitzuetatik urrunen dauden herrietara ere iritsita. Nafarroan 42 udalerri daude osasun zerbitzuetatik hogei minutura baino gehiagora.
Prestakuntza, garrantzitsu
Larrialdi zerbitzuak eraginkortzea ez ezik, prestakuntza ere zabalduko dutela adierazi du Nafarroako Gobernuko Osasun sailak. Bertzeak bertze, Polizia, irakasleak eta suhiltzaileak prestatuko dituzte hil edo biziko larrialdiei aurre egiteko. Izan ere, nabarmendu dute halako larrialdietan denboraren faktorea garrantzitsua dela, eta horretarako gizartearen inplikazioa beharrezkoa.
Hil edo biziko larrialdietako zerbitzua Nafarroa osora hedatuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu