Nafarroako suhiltzaileen erreskate taldeak eskalatzaile bat erreskatatu zuen joan den asteartean Aralarren. Ospitalera eraman zuten, eta hil egin dela baieztatu dute gaur.
Zangotzako (Nafarroa) gizonezko bat zen eskalatzailea, eta 61 urte zituen. Istripua izan zuenean, lagun batekin ari zen eskalatzen, 150 bat metrotara. Zabaldu dutenez, hogei bat metro erori zen, eta larri zaurituta geratu zen, soketatik zintzilik. Kaskoa apurtu zitzaion erorikoan, eta kolpeak jasan zituen buruan eta gorputzeko hainbat tokitan.
Zaurien larritasuna ikusita, osasun langileek Nafarroako ospitalera eraman zuten helikopteroz.