Atzo Tafallako (Nafarroa) haur eskola batean istripua izan zuen haurra hil egin da. Larri eraman zuten Iruñeko Ospitale Guneko zainketa intentsiboen unitatera. Haurrak bi urte zituen, Nafarroako Gobernutik baieztatu dutenez.
Atzo, 11:30 aldera, haur eskolako langileek konorterik gabe aurkitu zuten umea. Burua patioko hesiko bi barra lodiren artean zeukan sartuta. Larrialdietara deitu, eta suhiltzaileak eta Nafarroako Ospitale Guneko larrialdietako talde bat hara joan ziren.
Haurra bere onera ekartzeko maniobrak egin ostean, ospitalera eraman zuten, oso larri. Arnasa hartzeko laguntza behar zuen. Pediatriako zainketa intentsiboen unitatean ospitaleratu zuten umea. Foruzainek ikerketa abiatu zuten zer gertatu den argitzeko. Besteak beste, haur eskolako arduradunekin bildu ziren atzo.
Laguntza psikologikoa familiari
Cristina Sota Tafallako alkateak esan du haurraren sendiaren "min sakona" errespetatzen duela, eta ikerketa Nafarroako Poliziaren esku dagoela gogorarazi du. Bestetik, Marta Vera Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak iragarri du osasun talde bat bidaliko dutela Tafallara, haurraren familiari laguntza psikologikoa emateko.
Jose Iribas Nafarroako Gobernuko hezkuntza kontseilariak azaldu du posible dela umeak "elementu arrotz bat" erabiltzea, eta agian horra igota sartu zuela burua barren artean.