Indarkeria matxista

Hil egin da aurreko astean bikotekideak etxeari su emanda Iruñean zauritu zen emakumea

Erredura larriak zituen, eta Zaragozako ospitale batean zegoen, joan den astearteaz geroztik. Emakumearen bikotekidea espetxeratu egin zuten atzo, haren etxeari su ematea eta emakumea hiltzen saiatzea leporatuta.

Irailean Bilbon Maguette Mbeugou hil zutela eta, Iruñean egin zuten gaitzespen elkarretaratzea, Emakumeen Mundu Martxak deituta. IñIGO URIZ, FOKU
2018ko urriaren 23a
07:12
Entzun

Hil egin da aurreko astean Iruñean bikotekideak etxeari su emanda zauritu zen emakumea. Hildako emakumeak 50 urte ditu. Erredura larriak egin zituen sutean, eta Zaragozako Miguel Servet ospitalera (Espainia) eraman zuten. Zendu egin dela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak.

Hasieran sutea indarkeria matxistaren kasu bat ote zen argi ez bazegoen ere, atzo gizona atxilotu eta espetxeratu egin zuten behin-behinean, emakumearen etxeari su ematea eta hura hiltzen saiatzea leporatuta. Gizonak aurrekariak ditu genero indarkeriagatik, eta emakumearekiko urruntze agindu bat ere bazuen.

Sutea Iruñeko kale nagusian gertatu zen, joan den asteartean. Hil den emakumeaz gain, haren bikotekidea eta beste lau bizilagun zauritu ziren.

Hasieran, Iruñeko Instrukzio Epaitegiak hartu zuen auzia ikertzeko ardura, baina, egun bat geroago, uko egin zion, gertaerek indarkeria matxistarekin lotura izan zezaketela iritzita. Hala, Emakumearen Kontrako Indarkeriaren Epaitegiak hartu du auziaren gaineko ikerketa.

Irailean, Maguette Mbeugou emakumea hil zuen haren bikotekideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.