Ospitaleratu bezain pronto, komara eraman zuten medikuek umea, eta lasaigarriak eman zizkioten; hala, monitorizatuta mantendu eta garapena atsedenean kontrolatu nahi zuten. Komara eraman zutenetik 48 ordu betetzear zirela, baina, hil egin da 11 urteko umea.
Igande gauean harrapatu zuen auto batek haurra. Ezbeharra gertatu zenean, hiru lagun gehiagorekin zebilen bizikletan Corellako bidegorrian. Hildakoaz gain, beste haur bat ere zauritu zuen autoaren kolpeak, baina gau horretan bertan eman zioten senda-agiria.
Gertatutakoaren kausak ikertzen ari dira foruzainak. Corellako alkateak adierazi zuenez, auto gidariak stop seinalea saltatu izana da hipotesietako bat. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, baina, bidegorri hori "estu samarra" da, eta, beraz, istripua gertatu zenean haurren posizioa zein zen ere argitu beharko da —ea bata bestearen atzean zihoazen eta, beraz, autoa izan ote zen bidegorria inbaditu zuena, ala haurretako bat bidegorritik kanpo ote zebilen—.