Atzo iluntzean hil zen, Almeriako portuan (Espainia), maleta batean sartuta eta auto baten barruan ezkututatuta Espainiara sartu nahi zuen migratzailea. Magrebekoa zen, eta 27 urte zituen.
Anaiaren autoan zegoen, Melillan-Almeria bidea egiten duen itsasontzian. Anaia atxilotu egin dute, hilketa egotzita.
Tentsioa Calaisen
Bart berriro istiluak izan dira Calaisen Mantxako kanaletik Erresuma Batura joan nahi duten migratzaileen eta polizien artean. Polizia iturrien arabera, ia 2.000 migratzaile daude Calaisen muga pasatzeko zain.
UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak salatu du Frantzia eta Erresuma Batuko gobernuek "puztu" egin dutela Calaisen (Frantzia) Erresuma Batura sartzeko asmotan diren migratzaileen afera, segurtasun nazionala arriskuan jarri duen bat-bateko krisitzat aurkeztuta.
David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak larrialdiko bilera batera deitu zuen joan den astearen amaieran, eta mugan zaintzarako neurriak gogortzea erabaki zuen. Besteak beste, paperik gabeko migratzaileei etxea alokatzeko neurriak zorroztuko dituela iragarri du.