Gipuzkoako zahar etxeetako langileek urtebete pasatxo daramate lan itunaren aldeko mobilizazioetan. Aurreko ikasturtean, 88 greba egun egin zituzten ELAk deituta, eta hogei inguru LABen eskutik. Iragarri zuten ikasturte hasieran berriz ekingo ziotela borrokari, eta hasi dira mugitzen: ELA sindikatuak hilabete baterako grebarako deia egin du. Hilaren 19an hasi, eta urriaren 18a bitartean egingo dute. Eta ituna adosteko oinarri egokirik ezean greba egun gehiago ere izan daitezkeela abisatu dute: «Ez dugu alde batera uzten». Langileek behin eta berriz salatu dute auzi honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak duen jarrera; herrialdean eskaintzen diren lekuen %90 itunpekoak direla diote, eta, ondorioz, instituzioak baduela alorreko langileen egoeraren inguruko ardura. ELAko ordezkariek berritu egin dute orain kexu hori, eta diputazioaren portaeraren atzean asmo ilunak daudela zabaldu dute, gainera. «Propaganda instituzionala egiteaz harago, aldundiak negozioa egin nahi du gure aitona-amonekin», deitoratu dute grebarako deia eginez plazaratu duten oharrean: «Foru aldundiak prekaritatearen aldeko hautua egin du. Gizon eta andreen arteko soldata arrakala eta genero desberdintasuna erabili ditu negozio tresna gisa eta euren mesedeetara dauden enpresarien alde».
Gatazkaz jardutean beti nabarmendu dute generoaren auzia; izan ere, 5.000 langile inguru ari dira sektorean, eta ia denak emakumezkoak dira. Eta behin baino gehiagotan nabarmendu dute alor honetan kaskarragoak direla langileen baldintzak, gizonak nagusi diren sektoreetan baino. Adibide zehatzen bidez esplikatu dute hori. Hain zuzen ere, erakunde publikoentzat azpikontratatuta diharduten beste enpresa batzuetako lan baldintzak aztertu dituzte. Batez ere gizonezkoak kontratatzen dituzten enpresetakoak hautatu dituzte —esaterako, kaleak garbitzeko zerbitzuak ematen dituztenak—, eta egoera desorekatu bat azaleratu dute era horretan: %30 gehiago irabazten dute gizonek. Gogora ekarri dute «adorez eta ausardiaz» egin behar zaiela aurre emakumeen etorkizuna baldintzatzen duten arrakalei, Gipuzkoako Diputazioak gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortze aldera plazaratu dituen helburuetan sakontzeko, eta uste dute lan gatazka honetan aukera aski egokia dutela agintariek horren aldeko urratsak egiteko.
ELA sindikatuak du langileen ordezkaritza zabalena: %60. Apalagoa da LABena: %20. Negoziazio mahaian patronalak eta sindikatuek ez dute aurrerapausorik eman elkartzen hasi zirenetik, eta badira bi urte baino gehiago. Herren dago, gainera, mahai hori; izan ere, ELA alde eginda dago, bertan jarduteko «gutxieneko» hainbat baldintza ez direla betetzen iritzita. Sindikatuak eginak ditu, hala ere, akordiorako hainbat urrats mahaitik kanpo: zuzenean patronalekin solastatuta. Lehengo martxoan, hain justu, sindikatuak adierazi zuen akordiorako oinarri bat erdietsi zuela enpresekin, eta horren «frogak» erakutsi zituen. Salatu zuen, baina, aldundiak eragotzi zuela itun hori gauzatu ahal izatea, eta «gezurretan» jardun zuela lortutakoaren inguruan. Jarreraz aldatzera deitu du berriz: «Izan ere, ez da lan gatazka hutsa, gure borroka zerbitzuaren kalitatea eta aitona-amonen bizi baldintzen hobekuntzaren aldekoa da».
Negoziazio mahaiak berriro bilera egitekoa du hilaren 20an, eta LABek batzar horren ostean erabakiko du zer pauso eman.
Gizartea
Hilabeteko greba hasiko dute Gipuzkoako zahar etxeetan
Aurreko ikasturtean egindako 88 greba egunei 30 gehitzeko deia egin du ELAk: hilaren 19an hasiko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu