EUSKAL PRESOAK

Hilaren 11n sakabanaketaren kontra "itsaso zabal bat" osatzera deitu du Tantaz Tantak

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, egun osorako egitaraua prestatu dute. 17:30ean, bi "olatu" abiatuko dira, eta 18:30ean osatuko dute "itsasoa".

Gaur Bilboko Areatzan egindako agerraldia. TANTAZ TANTA
2014ko urtarrilaren 2a
15:58
Entzun

Agerraldia egin dute gaur goizean Bilbon Tantaz Tanta mugimenduko sustatzaileek, urtarrilaren 11n Bilbon egitekoak diren mobilizaziora deitzeko. Aurten 25 urte beteko ditu presoak sakabanatzeko politikak, eta sustatzaileek nabarmendu dute 1989az geroztik "sufrimendua, istripuak eta zigorrak besterik" ez duela eragin politika horrek. Oroitarazi dute hamasei lagun hil eta ehunka zauritu direla neurri horren eraginez.

[Youtube]http://youtu.be/c8eDRoxxqfw[/Youtube]

"Gobernuak tematurik daude bakeari ateak ixten, eta urrats txikienik ere ez dutela egingo esaten digute", azaldu dute. Uste dute gizarte zibilaren txanda dela, eta hilaren 11n "tanta guztiak" batzera deitu dute, sakabanaketa politika amaitzeko: "Egun horretan, ideologia eta interes partikular oro alde batera utzita, esan dezagun argi eta garbi konponbideak nahi ditugula eta presoak Euskal Herrira ekartzeko garaia dela".

Egun osorako egitaraua prestatu dute. 11:00etan hasiko dira, Areatzan. Lau eremu jarriko dituzte bertan: musika emanaldiak, txikientzako jarduerak, ogitartekoak eta edariak saltzeko zerbitzua, materiala saltzeko tokiak, enkante bat… 17:30ean bi "olatu" abiatuko dira, bata Casillatik eta bestea udaletxetik, eta ordubetera "itsasoa" osatuko dute. Ondoren, ekitaldiak izango dira Areatzan, 23:00ak arte.

Interneten ere eragin nahi dute uholdea. Horretarako sortu dute Tantaz Tanta aplikazioa. Aplikazio horren bitartez hilaren 11n Bilbon gertatzen denaren berri emateko aukera eskaintzen zaigu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.