Hilaren 15ean egingo dira Sorturen ildo politikoari buruzko eztabaidak herri eta auzoetan osatutako batzarretan. Ezker abertzaleko Pernando Barrenak, Maribi Ugarteburuk eta Joseba Alvarezek aurkeztu dute gaur Sorturen txosten konstituziogilearen bigarren zatia, alderdiaren ildo politikoari dagokiona, Donostiako Miramar jauregian eginiko agerraldi batean.
Ugarteburuk azaldu duenez, hurrengo urteetan Sorturen jardunaren “muina” zehazten da testu horretan. “Proiektu independentista, sozialista, feminista eta euskaldunean jasotako helburuak erdiesteko bidean gure borroka politikoaren egokitasuna ziurtatzeko bermea eta euskarria” jasotzen da bertan, Ugartebururen hitzetan. Hauek dira, labur, bigarren txosten horretako puntuak: estrategia politikoa, taktika politikoa, konfrontazio demokratikoa, gatazkaren konponbidea eta nazio eraikuntza eta eraldaketa soziala.
Ugarteburuk azaldu duenez, Zutik Euskal Herria ebazpenaren ildotik, “konfrontazio demokratiko eta politikoaren bidezko borrokan” oinarritutako estrategia garatuko du Sortuk, bi ardatzetan oinarrituta: aldebakartasuna eta konfrontazio demokratikoa. “Honen parte direlarik: desobedientzia zibila, nazio eraikuntza eta eraldaketa soziala”, adierazi du ezker abertzaleko kideak.
Azken urteetan abiatutako indar metaketan sakontzeko nahia agertu du, halaber, “Herritarren bloke Independentista” osatzeko helburuarekin. Puntu horretan erabakitzeko eskubidearen aldeko “sektore sozial, sindikal eta politiko guztiekin” indarrak biltzeko nahia agertu du Sortuk.
Gatazkaren konponbideari dagokionez, “bi etapa” bereizi ditu. Batetik, normalizazio politikoa: “Bake eta normalizazio politikorako prozesua abiatu behar da. Prozesu horretan, inolako bortizkeria politikorik gabe, konponbideak aztertu, landu eta eskaini beharko dira gatazkaren ondorio guztietarako”, diote txostenean. Eta, bestetik, irtenbide demokratikoak: “Elkarrizketan oinarritutako jokaleku demokratikoa eraiki behar da, irtenbide politiko eta demokratikoen inguruko akordio barneratzailearen bila”.
Ekarpen asko
Joseba Alvarezek, berriz, alderdiaren oinarri ideologikoen inguruan hil honetan burutu diren batzarrei buruzko datuak eman ditu. Jakinarazi duenez, 5.044 lagunek parte hartu dute eta 208 batzar osatu dira. Parte hartzaileen artean, 3.265 gizonezkoak izan dira, eta 1.779, emakumezkoak. Adinari dagokionez, 35 urte baino gutxiago zituzten parte hartzaileen %35ek, 2.700 lagun hain zuzen. Alvarezek nabarmendu duenez, “parte hartze handiko batzarrak” izan dira, eta hainbat herritan, beste saio bat egin behar izan dute. Ekarpen asko bildu dituztela esan du: 400 emendakin alternatibo inguru eta 500 bat testu hobekuntza.