«Duela 45 urte, Euskal Herriaren izaeraren eta bere eskubide historikoetan oinarritzen zen burujabetzaren elkargune izan zen Bergarako herria. Foruen abolizioaren mendeurrena betetzen zela gogoratzeko, Euskal Herriko ehunka udal ordezkari elkartu ziren Bergaran, herri bat ginela eta aurrera egin nahi genuela adierazteko». Gorka Artola Bergarako alkateak gaur goizeko prentsaurrekoan egindako adierazpenak dira. Uztailaren 21ean 45 urte beteko dira Hego Euskal Herriko alkateen mugimendua sortu zenetik, eta, urteurrena gogoratzeko, hainbat egitasmo antolatu dituzte. Besteak beste, Bergarako Udalak aitortza egingo die ekitaldi instituzional baten bidez garai hartako bailarako alkateei, eta erakusketa bat ere zabalduko dute orduko argazki eta bideoekin.
Artolak oroitu du garai zailak zirela haiek. «40 urteko diktaduraren ondoren, askatasunaren eta herria mugitzeko egarria nabaritzen zen, eta aukera hori baliatu beharra zegoen». Nabarmendu du, 45 urte geroago, pandemiak jotako sasoi honetan, herria «zutik» jarri nahi dutela. «Zutik jarri behar du, aurrera egin ahal izateko». Eta hori burujabetzatik eta askatasunaren bidean egin behar dela adierazi du.
Horretarako, udal ordezkariek duten garrantzia ere aldarrikatuko dute hilaren 21ean. «Herritik eta herriarentzat. Udaletatik herritarrentzat. Udalak oso garrantzitsuak izan dira historikoki gure herriaren egitura administratiboan, eta, orain ere, udalek funtsezko zeregina dutela uste dugu».
Agerraldian, Artolak eta Jose Luis Elkoro orduko Bergarako alkateak dei egin die Euskal Herriko udal ordezkariei hilaren 21ean Bergaran egingo den egitasmoan parte hartzera.
Batasunaren beharra
Elkororen arabera, «borroka asko» egin da azken mendeetan, «mota askotako borrokak», baina «ezin izan dugu lortu gure nortasuna aurrera eramatea». Eta azpimarratu du: «Horretan gaude».
Elkorok dio alkateak eta udalak direla herria ondoen ordezkatzen dutenak, «eta horien elkartasunarekin herri moduan indar handia hartu daiteke». Batasunerako deia egin du.