Edukiontziak, hori, urdin, marroi, berde eta grisak, berriro ere Pasaiako kaleko paisaiaren parte izango dira hilaren 27an. Hala, udal hauteskundeen ondotik, atez ateko bilketa kendu eta edukiontzien sistema jarriko duen Gipuzkoako lehen herria izango da PSE-EEk eta EAJk gobernatzen duten hori. "Honekin, gure hauteskunde programan pasaitarrekin hartutako lehen konpromisoa beteko dugu", azaldu zuten joan den ostiraleko prentsaurrekoan Izaskun Gomez alkateak (PSE-EE), gaztelaniaz, eta Nahikari Otermin Hirigintza eta Ingurumen zinegotziak (EAJ), euskaraz.
Pausoz pauso egingo dute aldaketa, hilabeteko epean. Hilaren 27 eta 28an Trintxerpen eta San Pedron egingo dute aldaketa. Edukiontziak jarri eta zintzilikarioak kendu, "dena aldi berean" egingo dute. Antxon azaroaren 12an eta 13an jarriko dituzte edukiontziak, eta astebete geroago Pasai Donibanen.
Atez atekoa herritarrek nahi ez zuten sistema bat zela eta aurkako 4.000 sinadura baino gehiago bildu zirela nabarmendu du udal gobernuak. "Beraz, herritarrek bosgarren edukiontzia nahi zuten, eta bosgarren edukiontzia izango dute. Orain haien ardura da edukiontziak betetzea eta birziklatze tasa handiei eustea", gaineratu du Oterminek. "Herritarren benetako konpromisoa" eskatu du alkateak ere. "Jendeak edukiontziak nahi zituen, eta hor izango ditu. Orain, gu oso zorrotzak izango gara; erne egongo gara".
Bosgarren edukiontziaren erabilera, ordea, boluntarioa izango da. Erabili nahi duen herritarrak giltza eskatu beharko du udaletxean. Birziklatzen duenari hobaririk ematea ere ez dute oraingoz aurreikusten. Sistema berriarekin espero dituzten birziklatze tasen inguruan, kopuru zehatzik ez dute eman udal gobernutik. "Arian-arian ikusiko dugu nola doan, eta horren arabera zehaztuko dugu", azaldu du Oterminek. "Kopuru zehatzik ez dugu emango, baina egun indarrean dauden araudi guztietan jartzen diren gehienezko kopuruak gure gutxienekoa izango dira, arau hori Europakoa, autonomikoa edo forala izan", zehaztu du alkateak.
Atez ateko zerbitzuan aritu diren langileek hainbat protesta egin dituzte azken asteetan, kaleratze arriskua zela eta. Udalak argitu duenez, "eman zitekeen erantzun egokiena" topatu dute. Hamahiru langile dira guztira: horietako 7-8ri udalean aritzea eskaini diete, Lan eta Zerbitzuen sailean; gainerakoek udaleko lan poltsan jarraituko dute, eta, beharra dagoenean, zerrendatik hartuko dituzte. "Hamahiru langileak hartzea perfektua litzateke, baina lortu dugu erantzun bat ematea, eta erabat pozik gaude".
Donibanen, berriz, sinadura bilketa hasi dute hainbat herritarrek, egungo bilketa sistemari euts diezaiotela eskatzeko. Diotenez, Donibanen %76tik gorakoa da birziklatze tasa, eta edukiontzi bidezko bilketak ez ditu bermatzen orain arte lortu diren kopuruak.