Pirinio Atlantikoetako departamenduko Kontseilu Nagusiak eta Garapen Kontseiluak gaur Baionan jakinarazi dutenez, ekainaren bukaeran sinatuko dute Akitaniako eskualdeak eta Frantziako Gobernuak '[Ipar] Euskal Herria 2020' ekimena. Lapurdirako, Nafarroa Behererako eta Zuberoarako egitasmoa da, 2010 eta 2020 urteen artean garatzeko. Hain justu, François Fillon Frantziako lehen ministroa etorriko da ekimena berrestera eta izenpetzera.
73 proiektu gauzatu nahi dituzte, eta departamenduak, Akitaniak eta Frantziako Estatuak finantzatuko dute; herena bakoitzak. Aurten 213 milioi euroko aurrekontua dute.
Hiru erronka nagusi ditu 'Euskal Herria 2020' ekimenak: "Berrikuntza, Ipar Euskal Herri orekatua eraikitzea, eta kultur eta giza ondarearen babesa eta transmisioa".
Egitasmoa egitean, mila lagunetik gora aritu direla esan dute gaurko agerraldian eta, diagnosia egitean, globalizazioa, "euskal nortasuna", Ipar Euskal Herriko demografiaren garapena (hiru urtero hamar mila lagun etortzen dira bizitzera), kostaren eta barrualdearen arteko "desoreka"... hartu dituzte kontuan.
Batasuna kritiko azaldu da, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan plana gauzatzeko "botere erabakitzailerik" ez dagoela iritzi baitio. Horretaz gain, Frantziako Gobernua diru laguntzak "bortizki murrizten" ari dela esan du.
Hilaren bukaeran sinatuko dute 'Ipar Euskal Herria 2020' ekimena
Akitaniako eskualdeak eta Frantziako Gobernuak izenpetuko dute, eta François Fillon lehen ministroa etorriko da egitasmoa berrestera. "Berrikuntza, Ipar Euskal Herri orekatua eraikitzea, eta kultur eta giza ondarearen babesa eta transmisioa" dira erronka nagusiak. Batasuna kritiko agertu da, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan "botere erabakitzailerik" ez dagoelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu