Hildako bat eta beste 766 positibo, horiexek aste amaierako emaitzak

Hildakoa 88 urteko emakume bat da. Larunbatean 38 pertsona ospitaleratu zituzten. Gernikan, PCR proba egitera deitu dituzte abuztuaren 14tik 17ra bitarte «gaueko tabernen gunean» izan zirenei.

Herritarrak maskararekin, Donostian. ANDONI CANELLADA, FOKU
2020ko abuztuaren 24a
08:03
Entzun

Larunbatetik igandera bitarte beste 766 koronabirus positibo diagnostikatu zituzten Hego Euskal Herrian. Datu txarrak dira, eta horiei hildako bat gehitu behar zaie: 88 emakume bat hil da gaitzaren ondorioz Iruñean, Nafarroako Ospitalean. Abuztuan herrialde horretan hil den laugarren pertsona. da, eta Barrikako (Bizkaia) Elorduy egoitzan aurreko orduetan hil ziren beste bi egoiliarrei gehitu zaie. Gainera, beste hiru lagun ospitaleratu dituzte Nafarroan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 35 pertsona ospitaleratu zituzten larunbatean, eta ZIUn denera 21 pertsona daude hiru herrialde horietan.

Positibo berrien erdiak Bizkaian atzeman dituzte, bezperan baino 40 gehiago. Gipuzkoan 143 izan dira kasu berriak (30 gehiago); Araban, 129 (hiru gehiago) eta Nafarroan, 105 (aurreko egunean baino 48 gutxiago). Nafarroan, Iruñerrian pilatu dira positibo berri gehienak, %42, eta, batik bat, 15 eta 29 urte bitarteko gazteengan atzeman dituzte: kasu guztien %36. Larunbatean diagnostikatutako kasu berrien %9, gainera, 14 urtetik beherakoen artean atzeman zituzten.

Agerpenek ez dute etenik. Tuterako zahar etxean hamasei kasu atzeman dituzte: hamahiru egoiliar eta hiru langile. Egoiliarretako batek sintomak izan ondoren, PCR probak eginda atera dira positibo horiek. Asintomatikoak dira positibo eman duten beste hamabost pertsonak. Errenterian ere (Gipuzkoa) Sanmarkosene zahar etxeko langileetako batek positibo eman du. Hirugarren solairuko egoiliarrei PCR proba egin diete, eta ez da positiborik izan.

Gernikan (Bizkaia) PCR proba egitera deitu dituzte abuztuaren 14tik 17ra «gaueko tabernen gunean» izan ziren herritarrak. Jose Mari Gorroño alkateak Euskadi Irratian zehaztu duenez, Juan Kaltzada kalean dago tabernen gure hori. PCRa egiteko, 900-20 30 50 telefono zenbakira deitzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Gaur, 10:00etan hasiko dira PCR probak egiten, eta larunbatera arte egingo dituzte. Donostian, hamabost taberna itxi dituzte Amara auzoan, erdialdean, Grosen eta Parte Zaharrean, langileren batek positibo eman duelako, baina Osasun Sailak ez du proba egiteko eskatu kasu horietan.

Irutxuloko Hitza-k argitaratu duenez, Ttun-Ttun, Bartolo, Ordizia, Agustin, Caravanserai, Sanse eta Avenida XII. dira itxi dituzten tabernak. Horiekin batera, Egiako okindegi bat ere itxi dute arrazoi berarengatik, Hitza-ren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.