Memoria

Hildakoak bilatzeko baimena

Gogora institutuak baimena eman dio Durangoko Udalari hilerrian lur prospekzioak egiteko. Herriko memoria elkarteak sinetsita daude litekeena dela bertan 1937ko martxoaren 31ko bonbardaketako biktimak egotea hobi komunetan lurperatuta. Biktimak identifikatzeko lanak egin dituzte.

jarraia208942.jpg
Natalia Salazar Orbe.
2022ko urtarrilaren 28a
12:25
Entzun

Urteurren biribil baten bezperatan iritsi da berria. Martxoaren 31n 85 urte beteko dira Italiako Aviazione Legionariako hegazkinek Durango bonbardatu zutenetik. Gutxienez 336 herritar hil zituzten eraso hartan. Memoria historikoa ikertzen aritu diren eragileek uste dute litekeena dela haietako batzuen gorpuak Durangoko hilerrian lurperatuta egotea, hobi komun batean. Orain, Gogora institutuak baimena eta diru laguntza eman dizkio Durangoko Udalari lur prospekzioak egin ditzan hilerrian benetan hobi komun horiek dauden ikertzeko.

Sarraskiak eragin zituen hildakoak hilerrira eraman zituzten bonbardaketaren egunean eta hurrengoetan. Horietako asko hobi komunetan lurperatu zituztela uste dute Gerediaga Durangaldeko elkarteak, Durango 1936 elkarteak eta udalak. Uste dute litekeena dela hilobi horietan 88tik gora herritarren gorpuzkiak egotea. 100 ere izan daitezke.

Bonbardaketako biktimak identifikatzeko proiektua lehenagotik hasita dago. Gerediaga eta Durango 1936 elkarteek, Durangoko Udalaren babesarekin, joan den udazkenean abiatu zuten ikerketa bat. Hildakoak identifikatu eta haien senideak eta ondorengoak bilatzeko ikerketa egin dute.

84 erreferentzia

Ikerketaren abiapuntua 84 pertsonaren erreferentziak dituen zerrenda bat izan da. Memoria elkarteek uste dute zerrenda hori Durangoko hilerriko erregistro liburutik kendutako orrien transkripzioa dela. Gerediaga elkartearen eskuetara iritsi zen transkripzioa. Jon Irazabal elkarteko historialariak 2001ean argitaratu zuen Durango, 1937 martxoak 31 liburuan jaso zuen frankistak izango zirela orri haiek erregistro liburutik kendu zituztenak. Hala ere, Irazabalek beste uste bat du orain: BERRIA egunkariari joan den azaroan azaldu zionez, iritzi dio garai hartako Euzko Jaurlaritzako norbaitek kendu eta eraman zituela. Gogora ekarri zuenez, gero, Jaurlaritzak argitaratu zituen izenak. Beraz, susmoa du Durangoko hilerriko liburutik hartu, eta ondoren Bilbora edo beste norabait eraman zituztela orriok.

Hala ere, izen zerrenda luzeagoa osatu du Gerediagako historialariak. Horretarako, 1980ko hamarkadan Jabi Zurikarai Gerediaga elkarteko laguntzaileak eman zion informazioa baliatu zuen: “Esan zidan berak bazekiela nonbait zerrenda bat zegoela, Jaurlaritzak garai hartan argitaratutako izenekin, baina baita informazio gehiagorekin ere”.

GEREDIAGAREN ZERRENDA

(zerrenda osoa)

Agiri haren kopia bat eskatu zion Irazabalek, baina diktadura bukatu berria zen, eta Zurikaraik esan zion oraingoz ezetz. Hala ere, makinaz transkribatu eta Irazabali eraman zion agiria. Esan zion handik urte batzuetara, giroa lasaitzen zenean, jatorrizko agiria utziko ziola, eta argibide gehiago emango zizkiola. Zurikarai hil egin zen handik urte batzuetara, ordea, auto istripu batean. Gerediagakoek uste dute hark lortutako haiek Durangoko hilerritik desagertu ziren orriak direla.

Transkribatutako zerrenda hura baliatu dute azken hilabeteetan identifikatutako hildakoen senideak aurkitzeko eta identifikatu gabe zeudenen izen-abizenak zehazteko.

Denen izenik ez

Hori izan da ikerketaren zailtasunetako bat: lurperatutako guztien izen-abizenik ez dutela izan. Askotan gudarien plaka eta hildakoaren lanbidea izan dituzte ikertzaileek zantzu bakar.

Jimi Jimenezek zuzendu du ikerketa, eta dokumentazio lana egin du. Lekukotzek garrantzia handia izan dute; erregistro zibiletan aurkitutako agiriak, parrokia liburuetako erreferentziak eta gudarien batailoietako nominak lagungarriak izan dira.

Ikertu dituzten 84 biktimen zerrendatik 51ren izen-abizenak lortu dituzte. Horien artetik, 34 gizonezkoak dira, eta hamazazpi, emakumezkoak. Hamar lagun 15 urtetik beherakoak ziren; 25, Durangaldekoak, eta beste 26, handik kanpokoak. 31 biktima zibilak ziren, eta 20, berriz, gudariak.

Urteurrenerako asmoak

Izaskun Ellakuriaga Bustinza Gerediaga elkarteko kideak azaldu duenez, ez dakite noiz hasiko dituzten Durangoko hilerriko lur prospekzioak: “Gustatuko litzaiguke martxoaren 31 baino lehen izatea, baina ez dago gure esku”.

Jakitun dago prozesuak oraindik luze joko duela: “Hau amaitzen ez den lan bat da, oraindik jende asko dagoelako ehortzita, eta nortzuk diren ere ez dakigun jende askoren erreferentziak ditugu. Hau ahoz aho zabaltzen da, eta botatzen duzu harria, baina gero ez dakizu noiz etorriko den bueltan. Agian, oraindik etorriko zaigu bateren bat bere senidea hor egon daitekeela esanez”. Beraz, ikerketak zabalik jarraituko du.

1936ko gerran eta ostean gertatutakoak ahanzturan gera ez daitezen, udala urte osorako plangintza lantzen ari da Durango 1936 eta Gerediaga elkarteekin eta beste eragile batzuekin elkarlanean. 1937ko bonbardaketaren 85. urteurrenaren harira, gai horren inguruko lanketa zabalagoa egitea da haien helburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.