Hildakoak zenbatzeko Madrilek duen modua zalantzan jarri dute 'Financial Times'-en

Besteak beste, Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiaren adierazpenak jaso dituzte: «Hildakorik ez dela egon esatera ateratzeak, heriotzak gertatzen ari direlarik, nahasmen handia sor dezake».

Rafael Bengoa sendagile eta Osasun eta Kontsumoko sailburu ohiaren hitzak jasotzen ditu 'Financial Times'-ek. OMEn egiten du lan gaur. GORKA RUBIO / FOKU
Edu Lartzanguren.
2020ko ekainaren 4a
12:17
Entzun

Financial Times egunkariak erreportaje luze bat argitaratu du gaur COVID-19 izurrian hildakoak Espainiako Gobernuak zenbatzeko duen moduaren inguruan, eta gogor gaitzetsi dute «datu okerrak» erabili izana azkenaldian hildakorik gabeko egunak egon direla adierazteko. Artikuluan, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohi Rafael Bengoaren adierazpenak jaso dituzte: «Hildakorik ez dela egon esatera ateratzeak, heriotzak gertatzen ari direlarik, nahasmen handia sor dezake». Osasunaren Mundu Erakundean ari da lanean Bengoa.

«Datu okerrek ilundu egin dute Espainiaren konfinamendu estrategia», du izenburu artikuluak, eta Madrilen «zenbaki dantzak» ezinegona sortzen duela gaineratu dute.

Kazeta horrek salatu duenez, 24 orduan hildakorik ez zela izan esan zuen Espainiako Gobernuak asteartean, eta, egun horretan bertan, 17 hildakoren berri eman zuten Madrilgo eta Gaztela-Mantxako erkidegoek.

Halako nahasketen arriskuaz ohartarazi dute elkarrizketaturiko adituek, «oker iradokitzen duelako iraganeko kontua dela koronabirusa, eta horrek arduragabekeriaz jokaraz diezaieke herritarrei».

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak atzo Kongresuan esan izana hildakorik ez zela egon «segurtasun sentsazio faltsua» eragiten ari zela salatu du Financial Times-ek elkarrizketaturiko aditu batek.

Londresko Higiene eta Medikuntza Tropikaleko Eskolako epidemiologo bat aipatu du kazetak, eta salatu akats larriak dituela kontuak ateratzeko Madrilek duen sistemak. Esaterako, nabarmendu dute Osasun Ministerioak ez dituela lehen bezain sarri eguneratzen datuak, eta, orain, «txosten bakoitza plazaratu baino 24 orduko tartean gertatu baldin badira bakarrik gehitzen dituzte heriotzak». Gainerako hildakoak asteko zerrendara pasatzen dituzte, Financial Times-en arabera.

Nabarmendu dute heriotza kopurua «hondoratu» egin dela zenbatzeko sisteman maiatzean eginiko aldaketen ondoren, eta pilaturiko zenbakiak ia 2.000 hildako gutxiago jaso zituen.

«Inprobisatzen ari gara herritarrek informazio argia behar duten une batean», adierazi du Bengoak. Edonola ere, erantsi du ez dagoela «manipulazio politikorik» zenbaki dantzaren atzetik.

Espainiako datuak «beste edozein herrialde aberatsetakoak baino ezegonkorragoak» izan dira, Financial Times-ek ondorioztatu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.