ETA. ATENTATUAK. LEHERKETAK

Hildakorik gabe bi urte iragan direla nabarmendu du Rubalcabak

Lau lehergailuk eztanda egin zuten herenegun, Beasaingo, Bergarako, Elgoibarko eta Soraluzeko lau enpresatan; Herrizaingo Sailak ETAri egotzi dio ardura, eta alderdi gehienek gaitzetsi dituzte erasoak

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Lau lehergailuk eztanda egin zuten herenegun goizaldean, Gipuzkoako lau enpresatan. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ETAri egotzi zion leherketen ardura. Beasainen, Bergaran, Elgoibarren eta Soraluzen izan ziren atentatuak, eta kalte materialak izan ziren haien ondorioz. Horren harira, hildakorik gabe bi urte iragan direla nabarmendu zuen atzo Espainiako Kongresuan PSOEko eledun Alfredo Perez Rubalcabak, Ser irratiari eskainitako elkarrizketa batean.

«ETA oraindik hor dagoela frogatzen dute atentatuek, eta arduragabekeria da alderdien batasuna haustea», esan zuen Rubalcabak. «Baina zer gertatzen da? Bada, hildakorik gabe bi urte iragan direla, eta bolada horrek ez duela etenik izan».PPk ez ditu gustuko izan sozialisten egunotako hitzak. Horren lekuko, Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok herenegun esandakoak. «Indarkeria amaitzeko eta bakea lortzeko» alderdien batasunaren alde lanean jarraituko duela esan zuen Zapaterok Santiagon (Galizia), mitin batean. Atentatuak ez zituela gaitzetsi egotzi zioten PPko hainbat buruzagik. Are gehiago, atentatuak zergatik ez zituen gaitzetsi galdetuko dio PPko presidente Mariano Raxoik bihar, Gobernuaren kontrolerako saioan.

Lau eztanda ordubetean

Herenegungo leherketei dagokienez, Beasaingo Salbatore auzoko Eun enpresan izan zen lehena, goizaldeko 03:00ak zirela. Eraikinean kalteak egin zituen, baina oraindik ez dute zehaztu zenbaterainokoak izan diren. Berrogei minutu geroago, 03:40 inguruan, beste lehergailu batek egin zuen eztanda, Bergarako San Blas auzoan, Felix Gabirondo S.L. enpresan. Torlojuak eta beste hainbat pieza estaltzeko zinka, nikela, kobrea eta letoia lantzen ditu enpresak. Hain zuzen, zink kontzentratua zuen biltegi bati eragin zion eztandak. Leherketa gertatu zen tokira bertaratutako enpresako segurtasun langile batek eta bi ertzainek kea arnastu zuten, eta Arrasateko ospitalera eraman behar izan zituzten, baina berehala eman zieten senda-agiria.

Isurkari kimikoa zela eta, 300 metroko ingurua itxi zuen zuen Ertzaintzak, badaezpada ere, baina egunean bertan zabaldu zuten berriro. Eusko Jaurlaritzako Larrialdien Arretarako teknikari bat ere bertaratu zen Bergaran, eztanda izan zeneko tokia arakatzera. Haren hitzetan, igandean bertan «erabat kontrolatua» zuten egoera; «kezkatzeko moduko arrazoirik» ez zela erantsi zuen adituak. Felix Gabirondo S.L. enpresari kalte handiak egin zizkion eztandak. Kanpoko horma eta kristalak eta eraikinaren barnealdea hondatu zituen leherketak.Hirugarren eztanda Elgoibarren gertatu zen, goizaldeko 04:00etan. Lerun indutrialdeko Bernardo Ecenarro enpresan gertatu zen eztanda. Margoak, bernizak eta disolbatzaileak lantzen ditu enpresa horrek. Leherketak sute txiki bat eragin zuen enpresan, eta suhiltzaileak bertaratu ziren itzaltzera. Eraikinaren horma batean eta leihoetan ere kalteak izan ziren.Bost minutu geroago, 04:05 inguru zirela, laugarren eztanda gertatu zen, Soraluzen. Torlojuak egiten dituen Goi enpresan izan zen leherketa; Sagar-Erreka kalean, hain zuzen. Bulegoetara sartzeko ateetan eta biltegian kalteak eragin zituen eztandak, eta inguruko eraikinetako kristalak ere hondatu zituen.Atentatuak ETAk egin dituelako hipotesiari eutsi zion Herrizaingo Sailak. Ertzaintzaren ustez eta «lehen analisien arabera», lehergailuak kilo eta erdi inguru kloratitaz eta tenporizagailuez zeuden osatuak. Efe berri agentziak ikerketa iturriak aipatuz zabaldu zuenez, ETAren iraultza zergarekin izan dezakete zerikusia atentatu hauek.

Gaitzespen mezu ugari eta elkarrizketarako dei bat

Halako gertaerek ez dutela aldatuko PSOEko gobernuaren «indarkeriaren aurkako politika irmoa» esan zuen herenegun Espainiako Barne ministro Jose Antonio Alonsok. «Segurtasun indarrek, eskura dituzten bitarteko guztiekin, legearen barruan lanean jarraituko dute, ETA behin betiko desagertu arte».

Euskal Herrian ere gaitzespen mezu ugari izan zen. Jaurlaritzak egin bezala, Nafarroako Gobernuak gogor gaitzetsi zituen eztandak, eta ETArekin negoziatzearen aurka agertu zen. Beasaingo eta Elgoibarko udaletan gaitzespen mozio bana onartu zuten. Gipuzkoako Merkataritza Ganberak eta Adegik ere gogor salatu zituzten atentatuak, ELA sindikatuak eta Bakearen Aldeko Koordinakundeak bezala.Euskal alderdiei dagokienez, EAJ, PPk eta PSE-EEk ere gogor txarretsi zituzten leherketak. EA eta Aralar bat etorri ziren eta aro berri bat irekitzeko atentatuak «oztopo» direla esan zuten. EHAK-ko legebiltzarkide Nekane Erauskinek, berriz, alde guztien arteko elkarrizketa zabaltzea inoiz baino beharrezkoagoa dela esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.