Ostiral gauean jaso zuten abisua larrialdi zerbitzuetan. Bi erromes desagertuta zeuden; Orreaga inguruan ikusi zituzten azkenengoz. Berehala hasi zituzten bilaketa lanak, eta gaur eguerdian aurkitu dute bietako bat, 26 urteko emakumezkoa, hipotermia zantzuekin.
Emakumea Nafarroako Erietxera eraman dute berehala, eta 50 urteko gizonezkoaren bila jarraitu dute. Emakumezkoaren arabera, zaurituta zegoen laguna. Ordea, berandu heldu dira erreskate taldeak. Gizona hilik topatu dute. Gorpua ateratzeko lanak hasiko dituzte orain.