Hilik topatu dute atzo iluntzeaz geroztik desagertuta zegoen Aiako (Gipuzkoa) emakumea. Gaur arratsaldean aurkitu du gorpua Ertzaintzak, 14:40 aldera, haren baserritik hiru kilometrora. 57 urte zituen. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ez du xehetasunik eman, ezta zer dela-eta hil den ere.
Atzo iluntzean desagertu zen emakumea, eta haren bila hasi ziren Ertzaintzaren erreskate taldeak 22:00etan. Gauean zehar izan dira haren bila, eta gaur goizean ekin diote berriro bilaketari. Arratsaldean topatu dute hilotza.
Bestalde, 74 urteko gizon baten bila ari da Ertzaintza Abadiñon. Atzo etxera itzuli ez zela-eta abisua eman zuten senideek. Goizaldeko hirurak arte aritu dira haren bila, baina ez dute topatu. Goizean hasi dira berriro haren bila.