Ez ziola inori Yamiled Giraldo erailtzeko agindu. Ez ziola inori ordaindu Yamiled Giraldo hiltzeko. Ez zuela Yamiled Giraldoren erailketarekin deus ikustekorik izan. Horixe erran zuen Jose Lareo Lopezek atzo, Nafarroako Justizia Auzitegian, Cordovillako krimenari buruzko epaiketaren lehendabiziko egunean. Minutu eskas bateko deklarazioa egin zuen, bere abokatuaren galderei baino ez baitzien erantzun. Lareo Lopez da, ordea, auziko funtsezko pieza, Fiskaltzaren aburuz, hark agindu zuelako, ustez, Giraldoren erailketa.
2001. urtean Kolonbiatik engainatuta ekarri, eta Sunbillako klub batean (Nafarroa) prostituzioan jardutera derrigortu eta bortxatu zuelako Lareoren aurkako salaketa jarri zuen Giraldok, bertze bi emakumerekin batera. Ondorioz, 2004an hemezortzi urteko kartzela zigorra ezarri zion Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak gizon horri. Hori da, Fiskaltzaren ustez, Lareok Giraldoren erailketa antolatzeko izan zuen arrazoia. Horregatik, hemezortzi urteko espetxe zigorra eskatu du harentzat, erailketagatik, eta lau urtekoa justizia oztopatzeagatik. Akusazio partikularrak hogei eta lau urteko espetxe zigorrak eskatu ditu delitu horiengatik.
Akusatuak ukatu egin zuen atzo Giraldo hiltzeko agindu zuela, eta bertze lau akusatuetako bakar batek ere ez zuen onartu Lareoren aginduz aritu zenik. Lareoren ustezko parte-hartzea bazter utzita, hala ere, hilketa argitzeko arrazoiak aurkitzea zaila da, emakumeari tiro egin zion gizonak eta hiltzailea autoz eraman zuen emakumeak inolako harremanik ez omen zutelako biktimarekin.
Fiskaltzak argi du: Lareok harekin batera espetxean ziren Karlos Igariri eta Pedro Andres Garciari eman zien Giraldo hiltzeko bere asmoen berri, eta haien laguntza eskatu zuen, kartzelatik at hilketa eginen zuten pertsonak aurkitzeko. Ustez, Igari haren emazte ohi Nira Arandigoienekin eta Rodrigo Solaecherekin jarri zen harremanetan horretarako. Solaechek onartu zuen atzo berak egin ziola tiro Giraldori. Arandigoienek, halaber, Solaeche hilketa gertatu zen tokira autoz eraman zuela onartu zuen, eta handik elkarrekin ihes egin zutela. Diruagatik egin zutela erran zuten. Emakumeak onartu zuen, halaber, Giraldori buruzko informazioa lortu ziola Solaecheri, eta telefonoz deitu ziola hilketa gertatu zen tokira erakartzeko.
Estetizista zen Giraldo. Iturenen bizi zen (Nafarroa). Arandigoienek Cordovillan egin zuen hitzordua harekin, 2009ko apirilaren 25ean, ustez ezkontza batera joateko prestatzeko. Giraldo errandako atarian agertu zenean, Arandigoienekin zegoen autotik atera eta tiro egin zion Solaechek. 25 urteko espetxe zigorra eskatu dute Fiskaltzak eta akusazio partikularrak bakoitzarentzat erailketagatik; hamasei urtekoa Giraldoren 14 urteko semea hiltzen saiatzeagatik; eta hirukoa justizia oztopatzeagatik.
Bost tiro
Hoztasun handiz kontatu zuen Solaechek Giraldoren erailketa nola gertatu zen. Bera izan zen fiskalaren eta akusazio partikularraren galderei erantzun zien akusatu bakarra; galdera gehienei, hala ere, «ez naiz oroitzen» erranez erantzun zien. Hilketaren uneaz, Giraldo semearekin ikusi zuenean ezustea hartu zuela azaldu zuen Solaechek. Eta ukatu zuen bera hiltzen saiatu zela. Gertaerak jazo zirenean, ordea, Giraldoren semeak erran zuen amaren hiltzaileak arma bere aurka zuzendu zuela, tiro ere egin zuela, baina pistolak huts egin zuela.
Solaechek Giraldori tiro egin izana baino ez zuen onartu atzo. «Lehen kartutxotegia hustu nuen. Zazpi tiroetatik lauk huts egin zuten. Autora itzuli nintzen bertze kartutxotegiaren bila, lana bukatzeko», erran zuen. Bertze bi aldiz egin zion tiro Giraldori. Buruan. Giraldo hiltzeagatik 4.000 euro jaso zuela erran zuen, eta Karlos Igarik eskatuta egin zuela.
Epaiketa hartu zuen gelan zegoen jendeari ez zion so egin Solaechek. Burumakur egon zen lehen saio ia osoan. Nira Arandigoienek berdin hasi zuen bere deklarazioa. Igarik, senar ohiak, tratu txarrak ematen zizkiola erran zuen emakumeak, eta haien alaba kenduko ziola erranez egin ziola mehatxu. Haren beldur zela erran zuen, eta horregatik onartu zuela Giraldoren inguruko informazioa bilatzea, eta Solaeche laguntzea. Dirua behar zuela gaineratu zuen.
Bere abokatuaren galderei baino ez zien erantzun, eta polizien eta epailearen aurrean egindako deklarazioak ez zituen berretsi. Fiskalak eskatuta, hala ere, irakurri egin zituzten, eta haietan, Arandigoienek erran zuen Lareok eskatuta bilatu zuela Giraldori buruzko informazioa. Aurreko deklarazioetan bezala, bertzalde, atzo onartu zuen berak eman ziola Foruzaingoari Solaechek pistola bota zuen tokiaren berri. Sadar ibaira bota zituen arma eta kartutxotegiak Solaechek, Nafarroako Erresuma futbol zelaitik hurbil.
Berria hedabideetan
Arandigoienek eta Solaechek onartu dute erailketan izan zuten parte-hartzea. Karlos Igarik eta Pedro Andres Garciak, berriz, ez. Ukatu egin zituzten haien kontrako akusazioak. Fiskalak hamasei urteko espetxe zigorra eskatu du haientzat erailketagatik, eta hirukoa justizia oztopatzeagatik. Akusazio partikularrak, berriz, hogei urteko zigorra eskatu du erailketagatik.
Bi akusatuok haien parte-hartzea ukatu zuten atzoko saioan. Beren abokatuen galderei baino ez zieten erantzun. Igarik, gainera, poliziaren etxean egindako deklarazioa ez zuen berretsi. Horretan, Pedro Garcia Andresek soldatapeko hiltzailerik ezagutzen ote zuen galdetu ziola erran zuen, eta Solaecheren izena eman ziola. Erailketaren berri gertatu zen egunean eta hedabideen bidez izan zuela erran zuen atzo, ordea. Garciak ere ukatu zuen hilketarekin zerikusia izan zuela.
Cordovillako krimenaren epaiketa
Hiltzaileak onartu du tiro egin zuela, baina ez Lareok aginduta aritu zenik
2009. urteko apirilaren 25ean Yamiled Giraldo erailtzeagatik auzipetutako bost pertsonen aurkako epaiketa hasi da IruñeanBost akusatuetako bik onartu dute parte hartu zutela; bertze hirurek ukatu egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu